21 JAN. 2017 Aizkora Arria V.ak eta Otaegik multzoa estutu nahi dute Atutxaren eta Mugertzaren aurka jokatuko dute gaur Iraetan. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketan hirugarren jardunaldia jokatuko da; Zestoako Iraeta auzoan izango da saioa gaur arratsaldean. Bihar, berriz, laugarren jardunaldia jokatuko da; Beizaman izango da saioa. Iraeta auzoko Txikito de Iraeta pilotalekuan jokatuko da norgehiagoka gaur, 18.30ean. Bertan Atutxa II.a eta Mugertza II.a Otaegiren eta Arria V.aren aurka lehiatuko dira. Aurrenekoek aurtengo txapelketako bigarren saioa izango dute, aurrenekoan garaile atera baitziren Azurmendiren eta Patxi Mindegiaren aurkako norgehiagokan. Multzoko bi faboritoen arteko neurketa izango da. Atutxa eta Mugertza dira egungo txapeldunak, baita aurtengoa irabazteko faboritoak ere, baina aurrean oso bikote gogorra izango dute. Iaz Sunbillako Torneoa irabazi zuten Arriak eta Otaegik, eta, horrenbestez, beraiei irabazteko ere lana gogotik egin beharko dute aurkariek. Bihar Beizamako Ilaunpe pilotalekuan jokatuko da saioa, 12.00etan hasita. Eneko Otaño eta Lopez Vicente II.aren Saralegiren aurka lehiatuko dira. Aurreneko bikoteak lehendabiziko saioa galdu egin zuen, eta bigarrengoentzat aurreneko norgehiagoka izango da gaurkoa. Eneko Otaño bere herritarren aurrean arituko da, eta ahaleginduko dira garaipena lortzen. Hasteko, erlojuz kontra bi 45 ontzako ebaki beharko dituzte, aizkolari bakoitzak bana. Jarraian, zutikako kana-erdikoa ebaki beharko dute. Ondoren, 60 ontzakoa zeinek azkarrago moztu neurtuko dira. Ondoren, zutikako 45 ontzakoa eta etzaniko kana-erdikoa erdibitu beharko dituzte, eta azkenik, bi kana-erdiko eta lau 60 ontzako moztu beharko dituzte. Harri-jasotzaile gazteen torneoan ere bi jardunaldi jokatuko dira, eta ligaxkari hasiera emango zaio, gainera. Aurrenekoa, gaur jokatuko da Iraetan aizkolarien saio berean; bertan Telleria II.a eta Peñagarikano lehiatuko dira. Bihar, berriz, Beizaman, eta han ere aizkolarien jaialdi berean, Telleria II.a eta Otaegi izango dira aurrez aurre. Bakoitzak, 125eko errektangularra, pisu bereko kopa, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko ditu. Bakoitzarekin lanean aritzeko bina minutuko txandak izango dituzte. Saizar Txapelketa Ilarretaren idi pareak irabazi zuen astearte gauean Azkoitiko probalekuan jokatu zen Saizar Txapelketako finala. Bertan Gipuzkoako kintopekoen hiru uztarririk onenak neurtu ziren, urtean zehar jokatutako probetan punturik gehien batu zituztenak. Sekulako jendetza batu zen finala ikustera. Illarretaren uztarriak eskuratu zuen garaipena, 51 plaza, 4 zinta eta 3,81 metro eginda. Bigarren postuan Txokolateren idiak sailkatu ziren, 48 plazarekin. Hirugarren postuan sartu zen Olidenen uztarria, 47 plaza eta 2,52 metroko marka eginda. Hirurek ala hirurek lan bikaina egin zuten. Mutilak eta neskak arituko dira Mungian Goma Gaineko Euskal Herriko Txapelketan bigarren jardunaldia jokatuko da. Joan den astean jokatu zen 680ko finala, horrekin abiatu baitzen aurtengo txapelketa. Gaur mutilek 640ko mailan lehiatu beharko dute. Bi jardunaldi jokatuko dituzte eta, horien ostean, sei onenek finala jokatuko dute. Abadiño, Beti Gazte, Mutriku, Zuraide, Ñapurrak, Gabadi, 6 Conceyos, Murueta A, Murueta B, Ibarra, Gaztedi eta Sokarri neurtuko dira. Mutriku da berrikuntzarik handiena, lur gainean aritzeaz gain, aurten berriro goma gainean ere arituko baita. Neskak 405 kilokoan lehiatuko dira, eta taldeak sei tiralariz osatuta egongo dira. Hiru talde bakarrik lehiatuko dira eta hiru jardunaldiko ligaxka jokatuko dute. Ibarra, Gaztedi eta Txantrea dira parte hartuko duten hiru taldeak. Laukoan nagusi izan den Badaiotz ez da maila honetan arituko. Saioa 17.00etatik aurrera jokatuko da Mungiako pilotalekuan. J.L.