GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Peio Larraldek eutsi egin dio txapelari


LARRALDE 40

DUCASSOU 31


Peio Larraldek, iaz bezalaxe, aurten ere irabazi egin du Supreprestigioa. Urteko lehen txapela beretzat izan da. Hasi aurretik ere bera atera zen faborito, eta azkenean txapela jantzi zuen.

Egungo bi pilotaririk onenen arteko neurketak ikusmin handia piztu zuen, eta ez zuten hutsik egin. Hori bai, badirudi Larraldek Ducassouri neurria hartuta diola, eta atzoko finalean ere horrela izan zen. Hasierako orekaren ostean txapeldunak abantaila hartu zuen, eta behin aldea lortu zuenean, ongi kudeatu zuen.

Buruz Burukoa

Bixintxo Bilbao Buruz Buruko finalerdietako ligaxkan izango da, zuzenean sailkatuta zeuden Ducassourekin eta Larralderekin batera. Gaur ezagutuko da laugarren pilotaria zein izango den.

Ziburuko pilotariak 40-34 hartu zuen mendean Gixandut. Bilbao une oro aurretik izan zen markagailuan, eta ia hasieran lortu zuen alde hori kudeatzen ederki jakin zuen. 10-5 eta 15-6 aurreratu zen, eta tarte horretan sakearekin ere min handia egin zuen. Hor egin zuen zulo hori erabakigarria izan zen, berari lasaitasun handia eman baitzion.

Peio Gixandutek, ordea, ez zuen etsi, eta amaierara arte lanean jarraitu zuen. 39-29koarekin neurketa amaitzear zegoela zirudien, baina Gixandutek 0-5eko partziala sartu zuen, 39-34ko emaitza jartzeko. Bilbaok azkenean lortu zuen asko kostatako azkeneko kintzea egitea eta garaipena eraman zuen. Gaur, 17.00etan, Donibane Garazin, Waltari eta Ospital lehiatuko dira, eta irabazlea ligaxkan izango da.