GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Lainoa


Presidentetzarako hauteskundeen kanpaina ez delarik hasia, dagoeneko, mahai azpian gordetako gaiak azaleratzen ari dira, alderdien barneko giroaren isla eskainiz. Eskuineko hautagaiak aste oso txarra iragan du bere andrearen laguntzaile postua zela-eta. Egia erran, berri honi esker, diputatuek mugitzen duten diruari buruz informazio zehatzagoa lortu dugu, ulertzen dugu politikariek gai horien aipatzea ez dutela maite, diru zama handiak direlako. Murrizketa garaian eta botoak eskatzen direlarik, herritarrak nahiko uzkur gelditzen dira eta abstentzioaren tentazioa handitzen doa. Tarte horretan Marine Le Pen ez dugu entzun afera komentatzen, alegia prentsa bere alde lanean ari dela ikusten duke!

Hauteskunde hauek garrantzitsuak dira, baina edozein izanda ere irabazlea, honek ez du aldatuko Frantzia kinka larrian dela eta Europar Batasunetik ateratzeko nahiak indartzen ari direla. Frantziaren norabidea ez da argi, debateetan sumatzen da; horrela, eskuin muturreko aukerari bidea zabaltzen diote politikariek, alderdien interesak baitira nagusitzen.

Jean Lassalleren mezua ez da asko entzuten, alta laugarren eremuko diputatua presidente izateko lehian sartu da. Bostehun sinadura bilatzen ditu kanpaina hasi baino lehen. Ipar Euskal Herri barnealdeko diputatuak artzaina eraman nahi luke Eliseoko jauregira. Hautagai atipikoak une honetan ez du prentsaren interesa piztu. Aitzitik, kazetariek trufa baliatu dute diputatua gomitatu dutelarik. Bidearen bururaino joanen den ikusiko dugu.

Hauteskunde hauek pasatu eta berehala legebiltzarrekoak iraganen dira eta hor abertzaleek hautagaiak aurkeztuko dituzte, berriz ere akordioen garaia etorriko da. Kostaldean bi diputatuak sozialistak dira, ez da errana berriz hala gertatuko denik. Urte emankorra hauteskunde mailan, haatik, abstentziorako tentazio handia geldituko da politikarienganako konfiantza sekula baino eskasagoa delako.

Bestalde, inguruan estatuen armatze prozesuak ikusten dira, Ekialdeko Europan tentsio handiak sumatzen dira eta horretaz informazio eskasa dago. Horren erdian errefuxiatuak, galduak, preso atxikitzen direlarik. Giro ezegonkor honek kezkak sortzen ditu, eta hautagaiek ere ez dute erantzunik, geroa lainopean utziz.