03 FéV. 2017 Aizkora Urrezko Binakakoaren lehen fasea bukatzera doa Arria V.a eta Otaegi Irazuren eta Patxi Mindegiaren aurka arituko dira Beasainen. Gaurkoan A multzoko bigarren postua izango dute jokoan. Jon LEUNDA Urrezko Aizkorako Binakako Txapelketako lehen faseko azkeneko jardunaldia jokatuko da gaur, Beasaingo Antzizar kiroldegian, 19.00etan hasita. Bertan, Arria eta Otaegi Irazuren eta Patxi Mindegiaren aurka neurtuko dira. Gaurko norgehiagoka honetan, A multzoko bigarren postua egongo da jokoan. Aurrenekoa jadanik erabakita dago, eta bera Atutxarentzat eta Mugertzarentzat izango da. Eta garrantzitsua izango da bigarren postua, izan ere, finalerdietan, nahiz eta denak sailkatu, postuen arabera jakingo dute zeinen aurka neurtuko diren. Gaur garaipena lortzen duenak bigarren postuan amaituko du, eta finalerdietan, Rekondoren eta Larretxearen aurka neurtu beharko du, eta hirugarren sailkatzen direnek, berriz, Vicenteren eta Saralegiren aurka jokatu beharko dute. Lehen jardunaldian Irazuk ezin izan zuen aritu, eta haren ordez aritu zen Iñaki Azurmendi, baina badirudi gaurkoan Zizurkilgoa aritzeko moduan izango dela, eta ondorioz bi zizurkildar, Otaegi eta Irazu, elkarren aurka arituko dira. Arria V.a eta Joseba Otaegi dira gaurko faboritoak, nahiz eta hori han erakutsi beharko duten. Gazteen harri-jasotzeko torneoko jardunaldia ere izango da gaur, Beasainen, eta Eizagirre eta Telleria II.a izango dira lanean arituko diren bi kirolariak. Apusturik ez Iñaki Azurmendik ezingo du oraingoz apusturik jokatu, berak botatako desafioari ez baitio inork erantzun. Arriarangoa 12 oinbikotara edozeini jokatzeko prest agertu zen, eta astearterako jarri zuen zita, baina ez zitzaion inor agertu, eta ondorioz ez da apusturik izango.