04 FéV. 2017 Aizkora Arria eta Otaegi iraupen proban neurketa iraultzeko gai izan dira auzia erabakiz Patxi Mindegia eta Jon Irazu azkeneko saiora minutu erdiko tartearekin sartudira, baina han errezildarrak eta zizurkildarrak bi minutuko aldea kendu diete. Jon LEUNDA Ez zen ezusterik izan, eta Arria V.ak eta Otaegik irabazi zuten Urrezko Aizkorako aurreneko faseko azkeneko jardunaldia atzo iluntzean, Besainen. Mendean Jon Irazu eta Patxi Mindegia hartu zituzten, eta ondorioz Arriak eta Otaegik multzoko bigarren postua eskuratu dute, eta Irazuk eta Mindegiak, berriz, azkenekoa. Lehenengoa Atutxarentzat eta Mugertzarentzat izango da. Aurtengo ekinaldian aurreneko aldiz lortu dute neurketa azkeneko proban iraultzea. Orain arteko guztietan lehen proba laburretan aurrena zenak irabazi izan ditu saioak, baina atzokoan alderantziz gertatu zen. Lehen proba laburretan Mindegia eta Irazu aurretik izan ziren, eta iraupen probara minutu erdiko tartearekin sartu ziren. Han, ordea, Arria eta Otaegi aurka zuten aldeari buelta emateko gai izan ziren. Lan erdien aurretik abantaila hartu, eta zuloa handituz joan ziren. Amaieran bi minutu pasako tartea lortu zuten lan honetan, eta garaipena ere eskuratu zuten. Lan guztiak burutzeko, 23 minutu eta 58 segundo behar izan zituzten Arriak eta Otaegik, eta 25 minutu eta 47 segundo, berriz, Irazuk eta Mindegiak. Behin lehen fasea amaituta, finalerdiak honela geratuko dira: Atutxa II.a eta Mugertza II.a, Lopezen eta Eneko Otañoren aurka neurtuko dira. Arria V.a eta Otaegi, Rekondoren eta Donato Larretxearen aurka; eta azkenik, Irazu eta Patxi Mindegia, Vicente II.aren eta Saralegiren aurka. Hiru irabazleak izango dira finalean Harri-jasotzaileen saioan, berriz, Eizagirre atera zen garaile. Zarauztarrak denera 68 jasoaldi lortu zituen; eta Telleria II.ak, aldiz, 66. Sokatira Erandioko Altzaga kiroldegian gaur Euskal Herriko Goma Gaineko Txapelketako bi maila erabakiko dira. Alde batetik, mutilen 640koen maila erabakiko da, eta bestetik nesken 405ekoa. Mutilek aurretik bi jardunaldiko ligaxka jokatu dute, eta horren ostean sei onenek lortu dute gaurko saioan aritzeko txartela. Sokarri, Murueta A, Ibarra, Gaztedi, Beti Gazte eta Zuraide izango dira mutiletan arituko diren taldeak. Ligaxkako onena Sokarri izan zen, eta hori kontuan hartuta gaurko txapela lortzeko faborito ere izan daiteke, baina finaletan gauzak aldatu egin daitezke. Lehen bi jardunaldi horien helburua finalean sartzea izaten da, eta azkeneko egunean txapela lortzea, eta hor gauzak ere aldatzen dira. Nesketan, berriz, hiru talde bakarrik ari dira lehian, eta hemen hiru jardunaldiko ligaxka ari dira jokatzen, eta gaur hirugarren eta azkenekoa jokatuko da. Aurreko bietan emaitza bera izan da, eta ez dirudi gaurkoan ere asko aldatuko denik. Gaztedi izan da onena orain arteko bi saioetan. Ibarra, bigarren eta azkena Txantrea. Gaztedi txapelik gabe geratzeko, gaur azkena atera beharko luke eta Ibarrak aurrena. Emaitza hori izanda ere, aipaturiko bi taldeek kitarakoa jokatu beharko lukete txapela erabakitzeko, baina aurreko bi saioak ikusita, zaila dirudi Gaztedi gaur azkena geratzea, bestela ezustea izango litzateke. Gaurko bi finalak 17.00etan hasita jokatuko dira.