GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Hezetasunak Donibane Garazira eramango ditu Bilbao eta Ospital


Bilbao eta Ospital atzo ziren aritzekoak Armendaritzeko trinketean, baina, azkenean, gaur 16.00etatik aurrera neurtuko dira Donibane Garaziko Garat trinketean. Atzo, hezetasuna medio, ezin izan zuten neurketarik jokatu.

Aurretik Bigarren Mailako norgehiagoka jokatu ahal izan zen, baina haiek amaitzerako ikusi zen trinketa ez zegoela baldintzarik onenetan. Egindako euriak, eta barruko beroak busti egin zuen zorua, eta baldintza horietan jokatzerik ez zela ikusi zen; ondorioz, gaur arratsalderako utzi zuten lehia. Donibane Garazin izango da finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiari amaiera emango dion partida.

Bi pilotariek aurreneko ligaxkako jardunaldian galdu egin zuten, eta behartuta daude gaur irabaztera. Galtzen duenak finalean izateko inongo aukerarik ez du izango, eta, irabazten duenak, berriz, oraindik izango ditu aukerak, nahiz eta azkeneko jardunaldian irabaztera behartuta izango den.

Lehen Mailakoa ez, baina Bigarren Mailakoa jokatu ahal izan zen atzokoan, eta bertan Elgartek Monzeri 40 eta 28 irabazi zion, eta finalean izateko urrats garrantzitsua eman zuen. Nagusi izan zen bai jokoan eta baita markagailuan ere. Itxura oso ona eman zuen Elgartek.

Desafioa

Sekulako jendetza batu zen atzo Abadiñoko trinketean bertan zegoen desafioa ikusteko asmoarekin, eta bertaratutako inor ezen damutuko, oso partida ona ikusi ahal izan baitzuten. Bertan Mikel Gonzalezek eta Antxiak 40 eta 36 hartu zituzten mendean Waltari eta Gixandut.

Norgehiagoka ona izan zen, lau pilotariek maila ona eman baitzuten. Bazegoen Gonzalez ikusteko gogoa. Bizkaitarrak sekulako maila eman zuen Superprestige lehiaketan, nahiz eta Buruz Burukoa ezin izan duen jokatu, eta atzokoan ez zuen hutsik egin. Aurrean Waltari izan zuen, eta mendean hartu zuen Kubakoa.

Gonzalez eta Antxia ia beti markagailuan aurretik aritu ziren, eta amaierarako norgehiagoka oso gogorra izan baldin bazen ere, bukaeran etxekoek eraman zuten garaipena. Gonzalezek berriro ere garbi erakutsi zuen goi mailan lekua izan dezakeela, eta Antxiak ere maila ona eman zuen. Waltari eta Gixandut ez ziren gaizki aritu.