GARA Euskal Herriko egunkaria
Eskalada

«L’Eix del Mal», Ekaitz Maizen azkenengo bihurrikeria

Faust Punsolarekin batera, eskalatzaile etxauriarrak Paret dels Sostresen (Lleida) 340 metroko bide bat behetik zabaldu du, eta, ondoren, Asier Luke sokakidearekin kateatu du. «L´eix del mal» marrak 8b du zailtasun gorena.


«Parets dels Sostreseko proposamen berria, ‘L’eix del mal’ (8b, 340 m), nire ibilbidean zabaldu eta kateatu dudan biderik ikusgarrienetariko bat da. Sabaiak, zeharkaldiak, luzera, zailtasuna eta arriskua jasotzen ditu bere baitan». Lerroburu horiek eman dizkiguna Ekaitz Maiz da, hots, Lleidako Alt Urgellen jarduera hori egin duen protagonistetariko bat.

Eskalatzaile etxauriarrak ohituta gauzka dagoeneko izaera horretako berriekin. Oraingoan, hormatzar katalan batean izan da balentria: «Inguru horretan denbora daramat eskalatzen. Paret dels Sostresera iristeko ordu eta laurden ibili behar da; inguruko beste batzuekin alderatuta bakartuago dago. Orain arte soilik lau bide zituen: hiru artifizialekoak eta beste bat era askekoa. Hormak dituen sabaiek eta erorikoak zailtasunezko bide ugari zabaltzeko aukera ematen dute. Han eskalatzen Rigloseko Viseran dagoen amildegi sentsazioa bera duzu, baina kareharrian eta eskalada askoz ere teknikoagoan».

Horma horrekin liluratuta, Maiz prest zegoen laugarren marra bat sortzeko. Jakina, behetik zabalduta eta era askean. Eta lan horretarako Faust Punsola konbentzitu zuen: «Miquel Blancoren ‘Lluita per plaer’ bidea eskalatu eta hilabete batzuetara ‘Mare Tenebrosum’ errepikatzera joan nintzenean, Fausti marra bat zabaltzeko aukeraz hitz egin nion. Lehenik eta behin hormaren erdialdean dauden sabaien inguruko informazio jaso nahi genuen, eta argi ikusi genuen gure obrak nondik behar zuen joan. Lan horiek azaroan hasi genituen. Lehenengo luzeetan jabetu ginen arrokaren kalitatea guk uste genuen baino askoz hobea zela. Adibidez, bigarren luzeko sabaia pasa eta ondoren. ‘Katxarreatzen’ luze bat egin eta gero, bigarren sabaiaren azpian jarri ginen; berehala ohartu ginen une horretan hasten zirela zailtasun teknikoak».

Zailtasunez gain, protagonistok oinen azpitik zuten amildegia bera ere areagotu zen: «Sabaia zeharkatzen duen artesi bat jarraitu eta helduleku onak zituen tarte batera heldu ginen. Arroka ez zen ona, baina, garbitu ondoren, luze bikaina geratu zitzaigun. Hurrengo luzean arrokaren kalitatea hobetu zen, baina eroria eta helduleku txikiak dituen plaka sekzio bat aurrean genuen. Tarte horiek txapekin ekipatu ondoren, luze izugarri ona zabaltzea lortu genuen. Sabai handiaren oinarrira heldu ginen, baina gaua zen eta leher eginda geunden. Tarte hori biharamunerako utzia, rapelatu egin genuen».

Punsolak eta Maizek argi zeukaten sabai handi hori buruhauste gehien emango zien tartea zela. Beste era batean esanda, argi zuten marra berriaren giltza izango zela: «Biharamunean berriro han ginen, eta eguerdirako sabaiaren azpian geunden. Zeharkaldi baten ondoren, ‘Mare Tenebrosum’-ekin bat egiten duen diedrora iritsi ginen. Sabaiaren erditik dauden burilak alde batera utzi eta guk diedro horizontala askean eskalatzen jarraitu genuen. Luze zaila eta benetan ikusgarria da!».

Luze gogor hori bukatu bezain laster, eskalatzaileok ohartu ziren zailtasun nagusiak menderatuta zituztela. Pozik ziren, baina jakin bazekiten sormen lan hori bukatzeko oraindik aurretik metro asko zituztela: «Ongi eskalatu behar den artesi bat, ondoren kalitate bikaineko plaka bat... eta, azkenean, erlaitz on batera heldu ginen. Lehenengo bilera erosoa izan zen! Iluntzen hasi zen eta nekatuta geunden. Hala ere, aurrera jarraitu eta eroria duen tarte fisiko bat gaindituta sekzio tekniko batera iritsi ginen. Hurrengo luzeak errazagoak dira eta kopetako-argiarekin lagunduta azken metroak egin genituen. Era horretan sortu genuen ‘L’Eix del Mal’».

Eta kateatu

Bi eskalatzaileok pozarren ziren eginiko lanarekin, baina, ohi den bezala, oraindik sortutako marrari puntu gorria jarri behar zioten. Saiatu, bederen.

Punsolak lana zuenez, Maizek Asier Luke “fitxatu” zuen: «Kateatze lanei abenduan ekin genien. Lehen luzeetan ‘katxarreatu’ behar genuenez, erritmo motelagoan joan ginen. Alabaina, lehen sabaira iritsi eta erraz gainditu nuen. Bosgarren luzea bidearen giltza da. 40 metro dira eta hasierako plakak dituen helduleku txikietan hatzak ondo makurtu nituen; ez zuten atsedenik ematen. Ondoren, helduleku horiek hobeak dira, baina paretak erori handiagoa du. Tarte hori mugimendu dinamiko batzuekin gainditu nuen. Azken atseden tartera heldu eta sabai txiki baten gainean helduleku kamutsei zein txikiei egin nien aurre. Atzera bota ninduten. Bilerara jaitsi, ordu erdiko atsedena hartu eta berriro saiatzen nintzen. Hezetasun gehiago zegoen, eta ez nintzen aurrera egiteko gai izan. Ez nuen beste saiorik egin. Gauak harrapatu gintuen, baina bidea ezaguna zen eta lasaitasunez gailurrera iritsi ginen».

Aste batzuk pasa eta gero, sokada berriro “L´Eix del Mal” bidera itzuli zen. Behin betiko saioari ekin zioten: «Bosgarren luzera arte dauden luzeak aise eskalatu nituen. Neure buruarekin segurtasun osoarekin eskalatzen ari baldin banintzen ere, erregeleta kamutsak gaizki hartu eta mugimendu klabean erorikoa izan nuen. Bilerara jaitsi, atsedena hartu eta berriro hasi nintzen. Oraingoan helduleku kamutsak ondo hartu eta luzea kateatzea erdietsi nuen azkenean. Ikaragarri luze ona egin nuen!».

Eskalatzaileok beste luze gogor bat zuten aurretik: «Sabai handia eskalatzen ari nintzela sentsazioak hobetu egin ziren. Tarte zailenak gainditu eta berriro kateatzea lortu nuen. Aurretik geratzen ziren luzeek ez ziguten arazorik eman. Oso nekatuta, baina pozarren, ‘L´eix del mal’ bideari puntu gorria jarri genion».

Era horretan, Maizek hormatzar batean estilo bikain batean sinatutako goi mailako jarduera bat egin berri du. Beste behin zailtasuna eta arriskua elkar uztartu ditu: «Ahalik eta txapa gutxien jartzea da geure joko araua. Luze batzuetan geure burua friend eta fisureroekin babestu dugu; horiek txapekin egongo balira, apenas izango zen emoziorik. Zabaldu zein kateatzerako orduan dena eman behar izan dugu, baina onartzen dut puntu gorria jartzea gehiago kostatu zaidala».

Maizi galdetu diogu hiru luze gogorrak (7c, 8b eta 8a) jarraian eskalatzeak ez ote dion bideari plus bat ematen: «Hala da, baina zailtasuna ez da hiru luze horietara mugatzen. Bidera iristeko ere ordu eta laurden egin behar duzu, ‘errazak’ diren luzeak ondo eskalatu behar dira eta zailtasun gorenetara pixka bat nekatura iristen zara. Jakina, bosgarren luzea (8b) gogorrena da, eta buruhausteak eragin zizkidan».

Etxauriarrak izaera horretako hainbat bide zabaldu eta kateatu ditu. Eta galdetu diogu “L’Eix del Mal” non kokatzen duen: «Zabaldu ditudan bideen artean ikusgarriena izan daiteke, baina lo egiteko arazorik ez dit eman. Zailenetakoa ere bada. Gainditzen dituen sabaiak, zeharkaldiak eta luze gogor horiek kontua hartuta, ‘L´Eix del Mal’ bide berezi bihurtzen da. Horrelako eiteak dituzten bide oso gutxi daude».