GARA
LONDRES-RAMALLAH

Irani presio eginez hasi du Netanyahuk «Israelen aro diplomatiko berria»

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa hartu zuen atzo Downing Streeten Theresa May britainiarrak. AEBek Irani ezarri dizkioten isun berriekin bat egiteko eskatu zien israeldarrak «herrialde arduratsuei». Horrela hasi du Netanyahuk «Israelen aro diplomatiko berria».

Londresera eraman zuen hegazkina hartu aurretik, Benjamin Netanyahuk igandean adierazi zuen Israel «aro diplomatiko berri eta esanguratsu baten hasieran» dagoela: «Aukera diplomatiko eta erronka berriak ditugu une honetan. Washingtonen Administrazio berri bat egoteak eta Britainia Handiak Gobernu berri bat izateak eragin dituzte aukera horiek», esan zuen lehen ministroak, bi herrialde horietako agintariekin hitz egiteko asmoa zuela esan aurretik.

Atzo Londresen Mayk hartu bazuen, hilaren 15ean Donald Trump AEBetako presidente berriak hartuko du Netanyahu Washingtonen. Downing Streeten ez zuen ahaztu Trump goraipatzea: «Iranen aurkako isunen inguruan Trumpek erakutsi duen jarrera txalotu behar dut. Uste dut beste herrialdeek ere gauza bera egin beharko luketela, batez ere herrialde arduratsuek», esan zuen.

Iranen ustezko «erasoak»

«Iranek Israel suntsitu nahi du, eta disimulurik gabe esaten du. Ekialde Hurbil osoa bereganatu nahi du, Europari mehatxu egiten dio, Mendebaldeari eta munduari mehatxu egiten die», erantsi zuen, bere mezua esplikatu nahian. Iranen ustezko «erasoak» erantzunik gabe ez geratzea da israeldarraren helburua, atzo Theresa Mayri esan zionez.

Iranek misil balistikoak probatu berri dituela-eta, Washingtonek isunak ezarri dizkio Asiako herrialdeari. Aipatu isunek ez dute zerikusirik Teherango agintariek abian duten egitasmo nuklearrarekin. Irango 25 pertsona eta erakunde dira kaltetuak, ustez Irango misil balistikoen garapenean esku hartu dutelako, AEBetako Altxorraren Departamenduak esplikatu duenez.

Israelek lurralde okupatuetan eraiki dituen kolonia juduen inguruan ez datoz bat Tel Aviv eta Londres. Britainiar iturriek bilera egin aurretik jakinarazi zutenez, Theresa Mayk gaia atzoko bileran aipatzeko asmoa zuen.

Aipatu iturriek esandakoaren arabera, Theresa Mayk esan behar zion Netanyahuri kolonizazioak aurrera egiteak israeldarren eta palestinarren arteko konfiantza kaltetzen duela.

Trumpekin hobeto Netanyahu

Izan ere, Netanyahuk aipatzen duen «aro diplomatiko berria» dela-eta, Israelgo Gobernuak esan zuen Zisjordaniako eta Jerusalem hiriko ekialdeko kolonia juduetan 6.000 etxebizitza berri eraikitzeko asmoa duela. Uste dute Trumpen jarrera Obamarena baino hobea dela kolonizazioarekin jarraitu eta palestinarrei lur gehiago lapurtzeko.

Atzo bertan, gauean, Israelgo Parlamentuak bozkatzekoa zuen lurralde okupatuetako koloniatan eraiki diren etxebizitzak legeztatzen dituen lege bat. Proiektuak lehenengo urratsa egina du dagoeneko, baina Parlamentuan bertan beste bi irakurketa egin behar zaizkio onartu ahal izateko.

Legearen kontrakoek esaten dute palestinarren lurren lapurreta legeztatzea dela lege hori onartzea. Gainera, Israelek Zisjordania bereganatu dezan egindako beste urrats bat litzateke Naftali Bennett Hezkuntza ministroak eskatzen duena. Bakea Orain Israelgo erakundeak kalkulatu du 800 hektarea kenduko dizkietela palestinarrei. Kolonizazioaren aldekoek ez diote horrelako arazorik ikusten legeari. Esaten dute arau hori beharrezkoa dela kolonoak lasai bizi daitezen, bestela «ezkerreko erakundeek» epaitegietan palestinarren lur pribatuetan eraikitzearen aurka demandaren bat aurkeztuz gero kanporatuak izateko arriskua baitute.

Amonako kolonoak

Horrelako zerbait gertatu zaie joan den astean Amonako koloniako 300 juduei. Nazioarteko Zuzenbidearen arabera, lurralde okupatuetan eraikitako kolonia guztiak dira legearen kontrakoak, baina Tel Aviveko agintarientzat batzuk legezkoak dira (Israelgo agintarien baimena lortzen dutenak).

Amonakoa legez kontrakoa da Tel Aviveko agintarientzat ere eta horregatik lekua husteko agindu zuten. Hori bai, tankerako operazio batean 2006an (200en bat zauritu) izan ziren istiluak saihestu nahian, lehen ministroak berak beste kolonia batzuetan milaka etxebizitza eraikitzeko baimena eman zuen, Amonakoak non hartu aztertuko duen batzorde bat eratzeko agintzeaz gain.