GARA Euskal Herriko egunkaria
MENDI TALDEA

Urdaburu Mendi Elkarteak 75 urteko historia bete du

Errenteriako mendizale taldea gaurko egun batez sortu zen. Urtean zehar makina bat ekitaldi egingo dituzte. Gaur bertan, taldearen ibilbidea jasotzen duen liburua eta DVDa aurkeztuko dituzte.


Ez gara hasiko orain gure mendizale elkarteek mendizaletasunean izan duten, duten eta izango duten garrantziaz. Baina, bederen, lerrook erabiliko ditugu horietako protagonista bati, Errenteriako Urdaburu Mendizale Elkarteari, nolabaiteko omenaldia egiteko. Izan ere, talde gipuzkoar horrek 75 urteko ibilbidea betetzen du gaur. Eta uste dugu, txalotzeko modukoa bada ere, azpimarratzekoa badela.

“Platinozko ezteiak”, beraz, Urdaburukoek ospatuko dituztenak, eta horretarako urte osoan zehar makina bat ekitaldi antolatu dituzte. Horretaz guztiaz gain, gaur bertan, arratsaldeko zazpietan, mendizale elkartearen historia jasotzen duen liburua zein DVDa aurkeztuko dituzte Xenpelar Etxean. Txema Arenzana da liburuaren egilea. Egoitza berean, gainera, taldearen historia biltzen duen argazki erakusketa (450 irudi) hil honen 18ra arte zabalik dago.

Ospakizun hauek direla eta, Urdaburukoei lekukoa pasatu diegu haien historiaren pasarte nagusiei zein urtean zehar egingo dituzten ekitaldiei buruz hitz egin diezaguten. Zorionak!

75. urteurrena

«1942. urtean talde txiki batek mendizaleen erakunde bat sortu nahi izan zuen Errenterian. Zaila egingo zitzaion Urdaburu Mendizale Elkartearen (UMEren) sortzaileen talde horri sinestea, urte asko igarota, 75. urteurrena ospatzen ari dela hasierako talde txikia zena eta orain 900 lagun baino gehiagok osatzen duten elkarte handia. Egia esan, mendizaleen taldea osatzeko asmoa aspaldi samarrekoa zen —1930eko hamarraldikoa—, baina gerrateak ezinezko bihurtu zuen; goitik behera zapuztu zuen ametsa.

75 urte hauetan gertakari eta lagun askok izan dute zerikusia Urdaburun. Guzti-guztiek izan dute eragina eta indartu dute mendizaletasunaren historiaren barrengo gure historiatxoa.

Iluna, goibela; industria, fabrika eta lantegiek betea eta janari, bizileku, garbitasun eskasian bizi zen Errenterian sortu zen Urdaburu 1942ko otsailaren 13an, ostiralean, Domingo tabernan. Urte askoan izan zen Domingo taberna elkartearen egoitza. Bidea hasi zuten dozena inguru aitzindariak urtea bukatu aurretik 50 bat mendizale sutsu bihurtu ziren. Urte horretan bertan hasi ziren mendiko lehiaketak. Gure elkartean ez ezik mendizaletasunean ere, oro har, bide luzea izan dute txapelketok. 70eko hamarraldiaren burura arte iraun zuten.

Jarduera azpimarragarriak izan ziren bai lehiaketak bai mendi tontorretan txartel ontziak jartzea. Urdaburuk lehena Jaizkibelen paratu zuen 1942ko martxoaren 12an, eta ondoren Ganbo Txikin, Mandoegin eta beste gailur batzuetan gauza bera egin zuen.

1943an Urdaburuk lehen Elkarteko Ibilaldi Neurtua antolatu zuen. Ohitura bilakatu da ibilaldi mota hori egitea; egun ere egiten da. Urte horretan bertan antolatu zuen Aralar’ko Adiskideak taldeak XIV orduko ibilaldia.

Baina garrantzitsuena, are garrantzitsuagoa urte estu haietan, igandeetako mendiko ir teerak ziren. Hastapenetan inguruko mendietara egiten ziren irteerok, baina gerora, garraioa ri esker (trena eta autobusa), gero eta helmuga urrunagoetara iristeko aukera zabaldu zen: Aralar, Aizkorri… eta Pirinioetara eta Europako Mendietara ere bai.

Urdaburu gazte jendeak osatzen zuen eta gaztetasunak bultzatu zituen, hain zuzen, bazkide batzuk beste era batzuetako jardunetara; besteak beste, espeleologiara. Aranzadi zientzien elkartearen sorreran ere zerikusia izan zuten urdaburuzale batzuek (1947an sortu zuten Aranzadi).

Autobusez egindako irteerak antolatzen hasi ziren (orduko baimen-eskaera gogaikarriak ere gainditu behar zirela, batez ere muga igaro nahi zenean), era guztietako kanpamentuak, baita Suitzara irteera bat ere.

Pedrotxo Otegi bereziki aipatu beharra dago izan duen itzalagatik eta euskal mendizaletasunari ekarritako guztiagatik. Pedrotxo Otegi Urdaburu Mendizale Elkarteko lehendakaria izan zen 1942 eta 1954 urteen artean eta Euskal Mendizale Federazioko lehendakaria, 1957 eta 1967 artean. Urte horretan uko egin zion karguari Peruko Andeetara joandako espedizio baten ikurrina zela-eta sortutako iskanbilagatik.

Elkartearen lehen urteetako gertakari eta pasadizo haiek galtzen ez uzteko eta 75 urte luze eta emankor hauen ibilbidearen historia jasotzeko, liburu bat eta DVD bat egitea erabaki zen elkartearen historia idatzia eta irudizkoa jasotzeko; beste era batera esanda, “platinozko ezteiak” behar bezala ospatzeko.

Ez bazkideok ez elkarteak historia aski ez dutela eta, pentsatu dugu, aurrekoen lana inondik ere bazterrean utzi nahi izan gabe, 75 urte hauen ospakizuna akuilua izan daitekeela hurrengo urteetarako.

Urtean zehar mendizaletasuna Errenteriako kaleetara eramateko egitaraua osatu dugu. Hurrengo maiatzaren 28an hiru ibilaldi izango dira Oiartzun ibarraren inguruan. 10, 20 eta 42 kilometrokoak, aukeran. Nahi genuke ume, gazte, zahar eta adin guztietako lagunek parte hartzea.

Ekainaren 1ean eta 2an, gaurkotasuna duten mendizaleak Errenteriara erakartzeko ohiturari jarraituz, Alex Txikon eta Alberto Zerain mendizale ospetsuak Errenteria Hiria kulturgunera (Niessen) ekarriko ditugu.

Udararen ondoren, irailean (4tik 10era), Comete sarearen Donibane Lohizune eta Errenteria arteko ibilaldia eta erakusketa izango ditugu. Urriaren 22an Urdaburuk eta Errenteriak eskola mendizaletasuneko “Finalistaren eguna” hartuko dute. Gipuzkoako eskualde guztietako eskolakide mendizale ugari etorriko dira. Eta, azkenik, azaroaren 26an Urdabururen eguna ospatuko dugu, urtea ongi burutzeko.

Baina mendiko jarduera gehiago ere antolatuak ditugu; esate baterako, urte hasieran, urtarrilaren 1ean, egin genuen Urdaburu mendiko igoera berezia. Errenteria inguratzen ari gara mugarik muga. Hiru ataletan ari gara egiten. Hirugarrena, eta azkena, otsailaren 18an izango da.

Euskal Herriko goiko gailurretara iritsiko gara. Urtean zehar sei ibilalditan egiteko asmoz gara. Abau (Urdaburu elkarteak Ansoko haranean duen borda) eta Errenteria lotu nahi ditugu 9 alditan. Martxo eta abendua artean egingo dugu Abau eta Errenteria arteko zubi moduko hori, hileko hirugarren larunbatetan. Abuztuan egingo den Dolomitak-Chamonixeko bidaiak osatuko du 2017ko ibilaldien egutegia.

Eta bazkideen parte hartzea bultzatzeko, proposatu dugu 2017. urtean zehar Euskal Herriko mendien katalogoko gailur guztietara igotzea. Igoeraren lekukoa izateko aplikazio informatiko bat dago. Horri esker, argazki batean ikusi ahal izango da gailurrera igo izanaren ispilua».