15 FéV. 2017 IKUSMIRA Asko, aski, aske maite zaituztet Amagoia Mujika Kazetaria Ez zorionik, ez bonboirik. Maitasun erromantikoaren kontra bagaude, guretzat ez dago San Balentin. Zer egingo zaio, atzo irakurritako pankarta nire eginez: «San Balentin itxi bakin! Titijak arte nao ta printzipe urdinakin». Ez gara ikasiak jaiotzen eta maitatzen ere ikasi egiten dugu. Toki askotatik jasotakoarekin eraikitzen dugu maitatzeko modua; etxean ikusitakoa, eskolan jasotakoa, telebistan eta antzekoetan irentsitakoa... Maitatzen ikasi egiten dugu, nahiz eta maitemintzen garenean iruditzen zaigun zurrunbilo hori kontrolaezina dela, natural-natural sortu den korapiloa dela, patuak guretzat gordeta zeukan emozio tontorra. Nor ez da noizbait igo tontor horretara? Nor ez da tontorretik erori, itzulipurdika? Nork ez du negar egin loak hartu arte bihotza betirako zulatu diotelako? Kontatu digute maitasunak berezkoak dituela tontorrak eta zuloak, asko maite duenak asko sufritzen duela eta batzuetan asko maite duenak asko sufriarazten duela. Maitasuna eta mina lotzen dituzte, maitatzeko prest dagoena sufritzeko prestatu nahiko balute bezala. Horrela gertatzen zen hamabost urte nituenean eta orain adin hori dutenei mezu igualtsuak iristen zaizkie. Tristea. Maitatzeko moduak ikasi egiten badira, jendarte honek arazo serio bat dauka: belaunaldiz belaunaldi transmititzen ari den maitatzeko moduak ez baitu ziurtatzen jende zoriontsua herri libre batean. Amonak dioen moduan, nahiko nituzke 20 urte eduki eta orain dakidana jakin. Lagun batek elegante esaten duenez: Asko, aski, aske maite zaituztet. Hori orain badakit.