16 FéV. 2017 GUTUNAK Tortura JOXE MANUEL PAGOAGA «PEIXOTO» Orain arte torturari buruz irakurri dizkidatenen artean, gogoeta irmo eta sakonena Jose Azurmendik argitaratutako liburuan aurkitu dut, “Barkamena, kondena, tortura” izenburuarekin. Liburuari guztiz gomendagarri deritzodan arren, torturari buruzko pasartea entzutean, hitzez hitz idazteko gogo bizia sortu zait, tortura baita norbaiti egin ahal zaion krudelkeriarik bortitzena. Euskal Herrian 10.000tik gora dira torturatuak; hiltzeraino torturatuak izan direnak ere ez dira gutxi. Areago, hildako horiek duinki ehorztea ere txakurki debekatu digute. Beraietaz oroitzea edota izenak aipatzea debekatzeaz gain, kartzela eta makil dantzaz mehatxatzen gaituzte. Badirudi Espainiako demokraziak tortura eternoa lortu nahi duela. Josek dio: «Atxilotuaren pertsona kontzientzia errotik eta osoki birrintzeko zientzia da tortura». Noan harira: eskerrik asko eta aupa Jose! Honela dio berak: «Kontatu didate torturatu bati oraintxe legebiltzarreko komisioan, bere esperientzia azaldu eta politiko batek erantzun omen ziola, ‘nik sinesten dizut zuri baina sinesten diot guardia zibilari ere’». Kito. Halako torturatuak esan ahal eta esan beharko lioke: «Mesedez, ez iezadazu ezer sinetsi, zu ez zaude ez niri ez Guardia Zibilari ezer sinesteko, zu zaude salaketak baldin badaude ikertzeko eta argitzeko. Ezin baduzu ikertu eta argitu, eta ezingo duzu, bilatu zergatik eta egin egin behar duzuna. Gutxienez salatu zure ezina eta zergatik den ezinezkoa. Zure dudak zu ez zaitu eskusatzen. Nik ezin badut nire tortura frogatu, horren erantzule ez naiz ni, baina baditu erantzuleak, horien artean zu. Zu ez zara errugabea, torturarik badagoen jakin nahi izanez gero, zuk duda dezakezu. Nik ezin dut dudatu, hori badagoela esateko nago, zu hori ez egoteko zaude. Horrelako politikoekin, Espainian berriz ere torturarik ez da egongo, baina torturatuak bai. Agurtzane eta Martxelo bezala, lehen frankismoan eta orain demokrazian». Oharra: azken 20 urte hauetan izan dudan irakurle jarraiki eta oparoena Oiartzungo Xabier Galardi da. Nola eskertu daiteke horrelako laguna?