GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Binakako finalerako bi txartel daude jokoan


Binakako Urrezko Aizkoran falta diren bi finalerdiak jokatuko dira bihar, 11.30ean, Oñatiko plaza nagusian eguraldi ona bada, eta txarra bada, berriz, Zubikoa kiroldegira eramango dituzte. Kanporaketa batean, Atutxa eta Mugertza II.a Otañoren eta Lopezen aurka lehiatuko dira, eta bigarrengoan, Vicente II.a eta Ruben Saralegi Irazuren eta Patxi Mindegiaren aurka. Bi finalistek finala jokatuko dute pasa den astean sailkatu ziren Arriarekin eta Otaegirekin batera datorren martxoaren 5ean.

Egin beharreko lana aurreko asteetako bera izango da. Orain artekoetan lehen lanetan, laburretan, alegia, erabaki izan dira ia proba guztiak. Lan horretan tarte handi samarra lortu izan dute irabazleek, eta gero aurkariei oso zaila geratu izan zaie iraupen probarako. Zutik jarritako enborrek min egiten jarraitzen dute. Saio honetarako Mugertza eta Atutxa, egungo txapeldunak, eta Saralegi eta Vicente dira irabazteko faboritoak, lehen faseko emaitzek horixe erakusten baitute. Horrela, bi faboritoak lehen faseko onenak izan ziren euren multzoetan, eta beste bikoteak, berriz, hirugarren geratutakoak dira, bakoitza bere multzoan.

Hala ere, saio bakar batera edozer gerta daiteke, eta besteak ere ezustea eman eta irabazteko itxaropen osoarekin joango dira Oñatira, nahiz eta jakin aurkari horiek menderatzea ez dela erraza izango. Helburua, lehen fasean gutxi galtzea izango dute, lan luzean aukerak izateko.

Harri-jasotzaileen torneoan, azkeneko jardunaldia jokatuko da, eta txapela egongo da jokoan. Iñigo Eizagirre eta Xabier Peñagarikano izango dira aurrez aurre. Bakoitzak 125eko zilindroa, pisu bereko errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabiliko ditu. Harri bakoitzarekin lanean aritzeko, bina minutu izango dituzte. 

Bi harri-jasotzaileak dira gazteak eta maila ikaragarria eman dute orain arte. Buruz buruko finaletan, ordea, eskarmentu gutxi dute biek ere, eta ondorioz nerbioak ongien kontrolatzen dituenak irabazteko asko izan dezake. Biak azkeneko saiora jokatutako guztiak irabazita datoz, eta azkeneko jardunaldi honetan ere garaipena eramaten duenak lortuko du txapela buruan jartzea.