GARA Euskal Herriko egunkaria
GUTUNAK

Badator Kixmi, berriz ere


Ataungo kondaira zahar batek kontatzen duen moduan, izar eder batek iragarri zuen jentilen behin betiko galera. Leizadiko koba batean bizi ziren jentilek hodeien artean agertu zen izar eder bat ikusi zuten egun batean, eta zer gertatuko zen jakin ezinda, erabat beldurturik, adineko jentil jakintsu batengana jo zuten. Jentil zaharrak, izarra ikusi orduko deiadar egin zuen: «Ai, ne umek! Kixmi jaio dek! Gurek ein dik! Bota nazazue mailon behera!» Berak esan bezala, Leizadiko gainetik mailoan behera amildu zuten eta hala hil zen jentil zaharra. Kixmik kristautasuna sinbolizatzen zuen, jentilen oparotasuna eten zuen historiako gertakaria.

Gaur egun, Leizadin kristautasunari biziraundako jentil bakanen bat geratzen bada, beldurrak jota egongo da, milaka urtetan beren bizileku sakratu izandako lurrak hondeamakinen orroen azpian zartatzen hasiak direla ikusita. «Lehen zerutik aiau zan mehatxuri zutik eutsi genionak, oain lurre pitzauez akau ote nahi gaittue... Ez zeru, ez lur… Oaingon bai, gauzak hola seittu ezkeo gurek betiko eingo dik!»

Aralar, balio ikaragarrizko natur ondarea duen eremu bat izateaz gain, euskaldunok gure sustraiei hainbeste lotzen gaituen balio immaterialaren gotorleku ere bada. Jende askorentzat eguneroko eromenetik ihes egin eta amets egiteko lurrak dira. Gure bihotzetan bizirik dirauten jentil, sorgin eta beste hainbat izaki magikoren babesleku. Ez dezagun magia hori bizirik mantentzen duen lurra suntsitu dezaten utzi.