GARA Euskal Herriko egunkaria
Saskibaloia

Gasteiztar bat zuriei arrakastara ohitzen

Ia hogei urtean Kopa irabazi gabe egon ondoren, Pablo Lasoren agindupeanjokatutako sei ekitaldietatik bost irabazi ditu Real Madrilek.


Gauza jakina da Real Madrilek ez duela miresmen berezirik sortzen Euskal Herrian, eta hori berriz ere agerian geratu da Gasteizen jokatu den saskibaloi Kopan. Hala ere, zuriek lortutako garaipenak, epaileen laguntza nabarmena alde batera utziz, badu atzean euskal herritar baten ikutua: Pablo Laso entrenatzaile gasteiztarrarena.

Zarata handirik egin gabe iritsi zen arabarra Florentino Perezen erreinura 2011ko ekainean, arazo ugari eta kirol emaitza eskasen artean itotzen ari zen talde batera, eta bost urte eta erdi pasatxoan lortu dituen emaitzak sekulakoak izan dira. Orain ere ez du zarata handiegirik ateratzen, baina inork gutxik jartzen du ezbaian haren lana.

Zenbakitan azaltzeko hainbat datu aipa litezke: Laso entrenatzaile denetik, Real Madril joka zitzakeen 23 finaletatik 17ra heldu da; jokatutako azken zortzi finalak irabazi egin ditu –ia hiru urte finalik galdu gabe–; 2015ean jokatutako lehiaketa guztiak irabazi zituen –tartean ia 20 urtez irabazi gabe zeukan Euroliga ere bai–; bera iritsi aurretik 19 urte zeramatzaten zuriek Kopa irabazi gabe, Lasorekin jokatutako seietatik bost irabazi dituzte...

Komunikabideetan aipamen ia guztiak Sergio Llulek bereganatu zituen asteburuan, jokalariak direlako azkenean baloiarekin zirt edo zart egin behar dutenak, baina Lasok ere merezia du opilaren zatitxo bat. Finalaren amaieran, Baskoniako jokalari ohiak eta Gipuzkoa Basketeko entrenatzaile ere izandakoa «oso pozik eta harro» azaldu zen, taldekide guztiek izan zutelako parte-hartzea garaipenean. «Jokalari guztiak sartzen saiatu gara, garrantzitsuak sentitu zitezen. Hiru final jokatu ditugu eta minutu bakoitzean sufritzeko gai izan gara».

Jendetza, eta orbanen bat

Gasteizen jokatutako Kopak berriz ere agerian utzi du jendeak lehiaketa horri dion estimua, eta Buesa Arenara hurbildu den jendetzak halaxe erakusten du. Aurtengo ekitaldiak, esaterako, bi marka hautsi ditu alde horretatik: zazpi partidak batuta pabiloian bildu den ikusle kopurua (103.968 pertsona guztira), eta Kopako neurketa batean bildutako ikusle kopuruarena (15.465, Baskoniak eta Real Madrilek jokatu zuten finalerdian).

Hala ere, orban txiki bat izan zen atzo gauean. Izan ere, antza denez liskar bat izan zen Real Madrileko eta Baskoniako jarraitzaile batzuen artean Buesa Arenako parkingean finala amaitu ondoren. Gasteizko Udalak jakinarazi zuenez, bost pertsona identifikatuak izan dira ustez erasotzaileak izateagatik.