GARA Euskal Herriko egunkaria
Txirrindularitza

Goi mailako parte-hartzea gaurtik aurrera Abu Dhabin

Quintana, Nibali, Contador eta Aru dira irteeran izango diren izarretako batzuk.


Aurten World Tour zirkuituan sartu den Abu Dhabiko itzuliak goi mailako hainbat txirrindulari bilduko ditu gaur hasi eta datorren igandera arte. Nairo Quintana (Movistar), Vincenzo Nibali (Bahrain), Alberto Contador (Trek) eta Fabio Aru (Astana) dira irteeran izango diren izar nagusietako batzuk.

Lasterketak ez du sekretu handirik. Lau etapako itzulia da, hiru erabat lauak, esprinterrentzat egokiak, eta bakarra mendatean amaituko dena, sailkapen nagusiko irabazlea erabaki beharko lukeena. Etapa erabakigarri hori hirugarrena izango da, larunbatekoa Al Ain eta Jebel Hafeet artean. Guztira 186 kilometro izango ditu eta azken igoerak 10,8 kilometro ditu, batez besteko desnibela ehuneko 6,6koa da eta aldapa jakin batzuetan ehuneko 11ra iristen da.

Beste hiru etapak –gaurkoa, biharkoa eta igandekoa– gizon azkarrentzat egokiak dira eta garaipenen borrokarako hainbat izen aipatu daitezke: Marcel Kittel (Quick Step), Andre Greipel (Lotto Soudal), Mark Cavendish (Dimension Data) edota Caleb Ewan (Orica), esaterako.

Txirrindulari euskaldunei dagokienez, hiru izango dira irteeran: Pello Bilbao (Astana), Imanol Erviti (Movistar) eta Igor Anton (Dimendion Data).

Gari Bravo, hamabigarren

Volta ao Alentejo itzulia, bestalde, atzo hasi zen Rinaldo Nocentini italiarrak irabazi zuen lehen etaparekin, eta aurreneko jardunaldian Garikoitz Bravo izan zen euskaldunik onena. Gipuzkoarra hamabigarren sartu zen helmugan eta, gainsariak tarteko, liderrarengandik hamar segundora dago sailkapen nagusian.

Igandera arte luzatuko den arren, itzuliko etaparik gogorrena atzokoa zela esan daiteke, eta aipagarria da Caja Rural taldeak bigarren postua eskuratu zuela Eduard Prades kataluniarraren bitartez. Carlos Barbero (Movistar) hirugarren sartu zen.

 

Klasiko handien denboraldia hastear da

Euskal txirrindulari gehienak itzulietan lehiatzen dabiltzan arren, aipagarria da Europa Iparraldeko Klasiko handien denboraldia hastear dela. Zehazki, larunbatean Omloop Het Nieuwsblad proba eta igandean Kuurne-Brussels-Kuurne, biak Belgikan, izango dira egun bakarreko lasterketa onenei hasera emango dietenak.

Chaves Tourrera eta Yates anaiak azkenean Girora

Orica talde australiarrak jakitera eman zuenez, Esteban Chaves izango da bere taldeburua aurtengo Tourrean eta Yates anaiak Giroa korrituko dute. Giroan eta Vuelta podiuma zapaldu ostean, kolonbiarra Tourrerako prest ikusten dute eta bikiak Italiako gogortasuna baliatzeko.