02 MAR. 2017 GUTUNAK Eskerrik asko... eta segi aurrera! ADUR FERNANDEZ ARRATIBEL, JOSEBA GALARRAGA ETA ALFONSO SEBASTIAN IRIARTE Valladolideko espetxetik Lerro hauen bitartez Valladolideko espetxera egindako martxan parte hartu zenuten guztiei eskerrik beroenak eman nahi dizkizuegu. Une labur batez bazen ere, zuek ikusteko aukera izan genuen, eta benetan ikusgarria zen pankartaren atzean zuek guztiek gauzaturiko irudia. Ekitaldi osoa entzuteko parada izan genuen (Nahikarik bezala), eta itzela izan zen. Argi dago euskal preso politiko emakumezkoen egoerak ez duela beti izan behar zuen arreta. Gure inguruan hamaika adibide izan ditugu: atxiloketa eta galdeketaren unetik, espetxeetan espazioaren antolakuntzaren ondorioz kalteturik, bakartuak... matxismoaren adierazpen eta jarrera gordinak egunerokotasunaren funtzionamolde instituzionalizatua. Sozialki «emakume onak» izatea zuentzat zuten helburua hautsiz, emakume eta militante onak bilakatuz erantzun diezue. Lehen esan bezala gure inguruan adiskide asko izan ditugu. Irantzu, Kris, Izaro, Laura, Josune, Nerea, Gotzone, Izaskun, Ainhoa, Miren, Ana, Nahikari... horrela 52 arte, eta aurretik pasatu diren militante guztiak. Zuen ekitaldi une hunkigarri honetan bezala, banan-banan emakume hauen guztien izenak goraipatu nahi ditugu, soilik emakume izateagatik duten zigor gehituagatik. Profesional adituen esanetan, pertsonak sano hazteko euren erreferentziazko zaintzaileekiko lotura enpatiko eta sendoa behar dute. Eta Izar? Sara ez dute askatu nahi. Legeak dioena dio: espetxealdi prebentiboaren ezohikotasuna, giza eskubideak, autoak... eta Arantza? Preso prebentibo bakarra hiru urtez «tortura txuripean». Aprobetxatu nahi dugu aipamen berezi bat egiteko. Guri (preso politikooi) sostengu afektiboa (zein materiala askotan) ematen diguten horiei. Amak, arrebak, lagunak, alabak, neska-lagunak... zuek gabe, ezinezkoak gara gu. Bukatzeko esatea, ohituta gaudela hemengo agintarien erreakzioetara (aurpegi luzeak, ume-haserrealdiak, mendeku pobreak), gurekiko berotasuna, elkartasuna usaintzen dutenean. Ba oraingo honetan bereziki mingarria egin zaie, bakarrik euren aurpegiak ikusi behar. Eta ez da izan esandako edo egindakoagatik, edo jende asko etortzeagatik. Gehien izorratu dituena da zuek denak emakumeak izatea. Guri, aldiz, horrek irri maltzur eta goxo bat atera digu. Zinez eskerrik asko... eta segi aurrera. Presoak etxera!!!