GARA Euskal Herriko egunkaria
Entrevue
MIKEL LARUNBE
ASEGARCEKO ATZELARIA

«Gaizki jokatu dudanean arin eman diot buelta egoerari, maisurik onena izan dut eta»

Danel Elezkanorekin batera, Galdakaoko atzelaria zen txapelketako aurpegi berri bakarrenetako bat. Biek lortu dute finalerdietara heltzea eta Mikel Larunbek, gainera, oso itxura ona eman du. Binakakoan bere lehen esperientziaren balantze oso positiboa egin digu pilotari bizkaitarrak.


Azken partidan 22ra heldu ez izanak ezin du, inolaz ere, Larunbek lehen ligaxkan egindako lan ona zapuztu.

Lehen txapelketa, itxura ona eta sailkatuta; dena nahi bezala?

Finalerdietara heltzea handia izan da, are gehiago aurten izan den parekotasunarekin, eta oso pozik nago, sinatuko genukeen bai orain bezala egotea.

Espero bezalakoa izan da?

Gutxi gorabehera bai, partida guztiak oso gogorrak izango zirela uste nuen eta halaxe izan da. Ez nuen uste parekotasuna horren handia izango zenik lehen ligaxkan, baina momentu onekin geratzen naiz eta txarretatik ikasten saiatu eta aurrera.

Zein izan da unerik txarrena?

Herrian jokatutako partida hura. Dena aldrebes irten zen, partida txarra, emaitza txarra eta herriaren aurrean. Sentsazio aldetik huraxe txarrena, baina gaizki jokatu dudanean arin eman diot buelta egoerari. Hurrengo asteetan hiru partida irabazi genituen jarraian eta horrekin geratzen naiz, momentu txarretatik ere ikasten da.

Maisu ona izan duzu...

Onena. Halako uneetatik irteteko Oinatz da onena, beti positiboa da, badaki nola irten une txar horietatik eta berak duen aurrera egiteko esperientzia eta grina hori transmititu dizkit, berarekin oso gustura aritu naiz.

Berak ere gero eta konfiantza handiagoa izan du zugan? Gero eta pilota gehiago utzi dizkizu.

Azken partidetan nik ere hobeto ikusi dut neure burua eta bera ere ohartuko zen, nik gozatuz gero, berak aukera hobeak dituela aurrean. Oinatzek oso ondo irakurtzen du jokoa, badaki noiz utzi pilota eta noiz ez, noiz lagundu… kristoren pilotaria da, maisua aurrean eta laguntzen ere bikaina. Ea hemendik aurrera ere bikote ona egiten dugun, beharko dugu eta.

Inoiz profesional gisa jokatu duzun txapelketarik luzeena izan da. Luze egiten da?

Ez, azkenean hainbat jardunaldi oso biziak izan dira, tentsio handikoak, sailkapenean gora eta behera ibili gara eta arin pasa da txapelketa. Egia esan, zortea izan dut eskuekin eta eta momentu batzuetan disfrutatu egin dut, ez dut aparteko buruhausterik izan eta beste hamalau partida gustura jokatuko nituzke.

Une txarrenak aipatu dituzu. Zein izan da onena?

Agian, Tolosan, Galdakaoko partidaren ostean, Irribarria eta Rezustaren aurkako partida irabaztea. Aste gogorra izan zen niretzat, hurrengo aurkariak liderrak ziren eta arrisku handia zegoen gure gainetik pasatzeko, baina hasieratik ondo eutsi genion partidari eta halako tanto batekin amaitzea, 21-21 ginela Oinatzek egindako gantxo harekin… segundo horiek sekulakoak izan ziren. Gero ere izan ditut une onak... ondo jokatutakoan, Aimarren aurka-eta irabazita gustura joan naiz etxera, baina partida hori dut gogoan.

Zuek izan zarete liderrei irabazteko gai izan zareten bakarrak.

Bai, baina ikusi da beste partida batzuetan beste batzuk ere geratu direla 19, 20 edo 21 tantotan. Argi dago aldea markatzen dutela kolpearekin, baina ez dira garaiezinak. Faboritoak izango dira finalerdietan, baina argi dago aurre egin diezaiekegula, baita irabazi ere, zergatik ez?

Presioak puntu bat gora egingo du finalerdietan?

Niretzat alderantziz, behin Oinatzekin jarrita, lau eta erdiko txapelduna, joko puntu oso onean… ondo jokatu behar duzu. Bera beti dago hor goian, horrek presio puntu bat ematen dizu, baina behin finalerdietara helduta, presio hori txikitu egin da. Finalerdietan badakigu lehiakorrak izan behar dugula baina behin ligaxka hau pasata, are gehiago nolakoa izan den ikusita, presioa jaitsi egiten da.

Hasteko, Aimar eta Untoria...

Ikusten da eurak euren punturik onenean daudela. Untoriaren azken partidak oso onak izan dira eta eurei aurre egitea oso zaila izango da. Untoria oso ondo dabil eta Aimar partidako hamar tanto-edo ari da egiten, berak ez du barkatzen eta oso gaitz izango du, baina badugu irabazterik. Oso garrantzitsua izango da partida ondo hastea.