GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Helduleku guztiak


Urtu ziren XX. mendeko erreferentzia kolektibo handiak eta indibidualismoaren basamortu infinituan galduta dago jendea. Balioak krisian (elkartasuna, diziplina, leialtasuna...). Erori dira erlijioak, erori dira utopia kolektibo handiak (sozialismoa, komunismoa...). Eta neoliberalismo postmodernoaren aro honetan indibiduoa bakarrik dago sistema bortitz baten aurrean. Es lo que hay.

Ez dago ezer egiterik. Zentzu komun berrien aldeko borrokan gabiltza. Ba, neoliberalismoak gol ederra sartu digu «es lo que hay» horrekin. «Sálvese quien pueda» oihaneko logika gailentzen denean kaosa gailendu daiteke, baina kaos horretatik nekez sortuko da ezer itxaropentsurik.

Postmoderniaren aro honetan bizitzari zentzua topatzeko ezer finkorik ez dago. Bizitza likidoa: lanpostu finkorik ez, harreman esporadikoak, militantziarik ez... Indibiduoa bakarrik, eta indibiduoaren jainkotzea. Kuriosoa da, hala ere, ustez familia tradizionala krisian ei dagoen honetan, familia eta lagunak izatea instituzio baloratuenak gazteentzat. Heldulekuak.

Eta bestetik, muturreko joerak. Hedonismo muturrekoa: gimnasioa, gorputzaren kultua, sexua, desfasea, Instagram... Muturreko eta bazterreko jarrera politikoak, bide askatzaileak karikaturizatuz eta porrotaren kultura elikatuz.

Egun ez ei dago naziorik, ez ei dago utopia politiko kolektibo handirik. Egun futbola dago. Horretan gaude.

Baina ez dago dena galduta. Garai historiko bakoitzak bere aukerak izaten ditu, ondo irakurtzen jakin behar. Orain ere badaude utopiaren norabidean aldaketa errealak eragiteko aukerak. Begira Kataluniari.

Es lo que hay eta sálvese quien pueda-ren munduan jendeak segurtasuna eta babesa behar ditu. Ezkerrak lehen langile sektoreei horretarako proiektu kolektibo bat eskaintzen zien. Hori erori zen. Eskuin muturrak ondo ulertu du hori Europan.

Ezkerrak bizi proiektu bat eskaini behar dio jendeari. Estatua komunitate bat da eta Estatuak komunitate horren jagole izan behar du. Beraz, independentistok, muturreko indibidualismoaren garaiotan, jendeari inor botata utziko ez duen eta segurtasuna eta babes soziala bermatuko dizkion Estatu duin eta aurrerakoia dugu eskaintzeko, neoliberalismoa eta faxismoaren aurrean.