GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Faboritoek hutsik egin gabe jarraitzen dute euren bidean


Faboritoek euren bidea egiten jarraitzen dute, eta atzokoan ere garaipena lortu zuten bai Ospitalek eta Ducassouk osatutako bikoteak, eta bai Larraldek eta Bilbaok osatzen dutenak.

Hala ere, Ospitalek eta Ducassouk lan asko egin behar izan zuten Bielle eta Lanbert 40 eta 34 mendean hartzeko. Agian konfiantza gehiegirekin kantxaratuko ziren, baina kontua da Biellek eta Lanbertek sekulako norgehiagoka egin zutela, aurkariak ikaragarri estutuz.

Bielle eta Lanbert ia beti aurretik aritu ziren, baina azkeneko hamar kintzeetan garaipenak ihes egin zien. Aldeak ez ziren inoiz ikaragarriak izan, baina bai nahikoak eta aurretik aritzeko modukoak, eta horrelaxe joan ziren faboritoek 28na berdindu zuten arte. Ondorengo tantoan ere berdindu egin zuten, eta hortik aurrera Ospital eta Ducassou nagusitu egin ziren. Partidako markagailua honela mugitu zen: 3-7, 9-11, 14-16, 17-23, 28-28, 29-29, 31-29, 38-32 eta 40-34.

Bigarren norgehiagokan ez zen kolorerik izan, eta Larraldek eta Bilbaok aise irabazi zuten, 40 eta 18 irabazi baitzieten Intxausperi eta Amuleti. Markagailuak erakusten duen bezalaxe, jokoan alde handia egon zen. Hasierako jokalditik hartu zuten abantaila, eta aurkariek amaierako emaitza apur bat itxuratu besterik ez zuten egin.

Gaurkoa

Bigarren jardunaldia gaur amaituko da Donibane Garazin, eta 16.00etan hasiko den jaialdian, Waltari eta Gixandut Etxegarairen eta Lazkanoren aurka lehiatuko dira. Txapelketako partida arratsaldeko bigarrena izango da. Lehen bikotearen alde aterako da dirua, eta nabarmen, gainera.