13 MAR. 2017 MENDIKO ESKIA Iñigo Larizek eta Laura Solak euskal txapelketa irabazi berri dute Hilaren 4an eta 5ean, Bandres-Karolo proba jokatu zen; hain zuzen ere, Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria zena. Parte-hartzaileek norbanako probari zein kronoigoerari egin behar izan zieten aurre. Dernière mise à jour : 13 MAR. 2017 - 06:51h Andoni ARABAOLAZA Mendiko eskiko Bandres-Karolo proba berriro ere ez jokatzeko zorian egon da. Iaz ez zuen eguraldia lagun izan; aurten, ordea, lehiaren bezperan apenas zegoen elurrik. Baina iazko hutsunea betetzeko aurten azken orduko aukera eman zion naturak, eta arratsaldean zein gauean elurra egin eta gero, izaera herrikoia duen lasterketa egin ahal izan zuten. Gainera, azken ekitaldi hau Euskal Herriko Txapelketarako baliagarria zen. Hilaren 4an eta 5ean jokatu zen; lehen egunean norbanako lehia eta bigarrenean kronoigoera. Aipatu dugu Belaguako mendietan jokatzen den lasterketa honek izaera herrikoia duela, baina gogoratu dugu ere aurtengoak lehia ofizialaren zigilua eman duela. Beraz, irteera puntuan maila ezberdinetako eskiatzaileak izan ziren. Lehen eguneko lehian, norbanakoan, 140 lagunek hartu zuten parte. 17 kilometroko eta 1.600 metroko desnibela zuen ibilbideari aurre egin behar izan zioten. Azken orduetan botatako elurrari esker, antolatzaileek ibilbide ederra prestatu zuten. Baina, zoritxarrez, elurrak berak eta haizeteak ez zuten batere lagundu. Gainera, elurraren baldintzak ez ziren egokienak izan. Lehia interesgarrienak gizonezkoen mailan ikusi ziren. Nolabait esan, morboa ere bazegoen. Izan ere, euskal selekzioko Iñigo Martinez de Albornozek eta Pablo Oderizek hartu zuten parte. Biak ala biak gazteak dira, eta, gainera, Fedme-ren selekzioko kideak ere badira. Bada, bi gazte gauek lehia hauetan urte asko daramaten beteranoei ez zieten inolako aukerarik eman. Helmuga puntuan lehena Martinez de Albornoz izan zen, eta bigarrena, oso gertu, Oderiz. Nacho Cabal hirugarrena izan zen. Nesketan, berriz, Laura Solak ez zion ezustekoari tarterik utzi, eta aise gailendu zen. Bigarrena Monica Saez izan zen, eta hirugarrena Igone Campos. Biharamunean, 70 eskiatzailerekin kronoigoera jokatu zen. Lakora inguruan 550 metroko desnibeleko ibilbidea gainditu behar izan zuten. Lehen egunean ez bezala, bigarren honetan gazteek ez zuten parte hartu. Eta hutsune hori aprobetxatuta, Larizek argi utzi zuen modalitate horretan jaun eta jabe dela. Bigarrena Tirapu izan zen, eta Navarro hirugarrena. Solak berriro irabazi zuen, eta atzetik Saez eta Campos sailkatu ziren. Bi egunetako denborak batu ondoren, euskal txapelak Larizentzat eta Solarentzat izan ziren. BANDRES-KAROLO Euskal Herrian jokatzen den mendiko eskiko proba bakarra hilaren 4an eta 5ean jokatu zen. EMF-ren Txapelketarako baliagarria zen, eta Iñigo Larizek eta Laura Solak jantzi zituzten txapelak.