GARA
GASTEIZ

«Gernika» Euskal Herrira ekartzea babestu dute Arabako Batzar Nagusiek

Pablo Picassoren “Gernika” margolana Euskal Herrira ekartzea babestu zuten atzo Arabako Batzar Nagusiek. EH Bilduk aurkeztu du proposamena eta EAJk babestu egin zuen. PSEk eta PPk, aldiz, kontra bozkatu zuten.

«Giza eskubideen zapalkuntza eta gerraren zein herritarren aurkako jazarpenaren ikurra» dela nabarmendu dute EH Bildutik. Aurten 80 urte betetzen dira bai Gernikaren bonbardaketatik, bai hura salatzen duen artelana egin zenetik.

Lorena Lopez de Lacalleren hitzetan, erabiltzen diren «txosten teknikoak aitzakia baino ez dira egun dagoen borondate politiko eza ezkutatzeko».

EH Bilduren ustez gaur egun ez da sinesgarria garraio zein mantenurako beharrezkoak diren baldintza nahikorik ez dagoela esatea.

Horregatik, margolanaren kokapen egokiena Gernika delakoan dago eta Lakuako Gobernuari beharrezkoak diren urrats instituzional denak eman ditzan eskatu diote, baita margolan hori Gernikan kokatzeko beharrezkoak diren egokitzapen lanak egitea ere.