GARA Euskal Herriko egunkaria

Begiratzean ikusten ez dena, irudietan

Paco Ocañaren lanak ikusgai daude Ziudadelako Mistoen eraikinean. Hiriaren espejismo, agertoki birtual eta erretratuak aurkeztu ditu.


Paco Ocaña (Jaen, 1949) Ziudadelako Mistoen eraikinera itzuli da berriz ere hamarkada baten ostean, Iruñearen ikuspegi berezia ematera.

Hiriaren espejismoez bete du eraikinaren lehen solairua, agertoki birtualekin, begiratzen denean ikusten ez denari buruzko irudiekin eta erretratu sorta batekin. Erakusketa ehun irudik osatzen dute.

Lau ataletan banatuta dago. Lehendabizikoak, “Harresi gardenak” izenekoak, hiria eta hark gune bizia den heinean sortzen dituen espejismoak azaleratzen ditu, hiri-grafittiak edo street art delakoa.

Bigarren atalak “Soegiteanikusiezduzunhori” du izenburu eta kamera batek argazki batean islatzen duen errealitate objektiboa ametsak edo intuizioak bezain iruzurtia, engainagarria eta iradokitzailea dela agerian jartzen du, baita erreala ere, amets eta intuizioak ere errealak eta benetakoak baitira.

Bada beste sail bat “Alegiazko agertokiak” izenekoa. Argazki-interpretazio oniriko bat da edo ukitu surrealista bat duen errealismo magikoaren ikuspegi bat, Jerry N. Uelsman fotomuntaketa-teknikaren maisu ospetsuaren lan-ildoarekin bat.

“Erretratu/Bi” izeneko sailak osatzen du erakusketa. Bertan egileak bi begirada antagoniko eskaintzen ditu aurrez aurre: erretratatuarena, on egiten dion hori agerian utzi edo ezkutatu nahian, eta erretratu-egilearena, kamera bidez ezkutuan dagoen hori harrapatu zain.

“Erretratu/Bi” delako horiek askotariko moldeetan eginak daude, gaiei zein estiloei dagokienez, hala nola erreferentzia klasikokoko erretratuak, nafar kulturari buruzko galeria, bai eta kultura flamenkoan egindako murgilketa ere. Batzuk zein besteak zuri-beltzeko laborategi-prozedurak erabiliz egin dira, forma eta kontzeptu hausturako proposamen berrienei helduta.

Halaber, bestelako jarduera paralelo batzuk programatu dira. Apirilaren 19an eta 23an (igandeak) bisita gidatuak egongo dira egilearekin batera, eta apirilaren 7an, 19.30ean, kontzertu bat izango da, Ekhi eta Urko Ocañaren eskutik. Erakusketa maiatzaren 1era arte egongo da ikusgai, asteartetik ostiralera, 18.00etatik 20.30era; larunbatetan, 12.00etatik 14.00etara eta 18.00etatik 20.30era; eta igandeetan, berriz, 12.00etatik 14.00etara.