GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Dorronsorok apustua hasieratik bukaerara kontrolpean izan du

Zeraingo aizkolariak lehen enborrean 20 segundotik gorako aldea lortu zuen, eta hortik aurrera norgehiagoka kontrolpean izan zuen, garaipena eroso lortuz.


Dorronsorok irabazi egin zion atzo Elorriaga II.ari Urretxuko pilotalekuan jokatu zuten apustua. Jendeak ere ondo erantzun zuen; izan ere, 300 ikusle inguru batu ziren bertan. Alde bakoitzak hamabi kana-erdiko erdibitu behar izan zituen, guztiak ere Elorriagak eramandakoak. Alde bakoitzak 1.000 euro jarri zituen jokoan.

Denbora hobeak edo okerragoak, jendeak neurketak emozioa izatea nahi izaten du, baina atzokoak ez zuen batere izan. Hasieratik atera zen dirua irabazlearen alde, baina gero oso gutxi jokatu zen, oso azkar erabaki baitzen lehia. Dorronsorok Donato Larretxea eta Iruntxiberri izan zituen alboan, eta aita eta Ugarteburu, Elorriaga II.ak.

Lehen enborretik hasi zen Dorronsoro aldeak ateratzen. Aurrenekoaren amaieran 21 segundoko zuloa zegoen, agian handiegia aurrenekoa izateko, baina gauzak ez ziren batere aldatu. Bazirudien bigarren enborrean Elorriagak gora egin zuela, baina aldea handitzen joan zen, nahiz eta asko ere ez. 30 segundoren bueltan geratu zen bien arteko aldea, baina bederatzigarren enborrean dena erabakita geratu zen. Hor hasi zen Elorriagaren sufrimendua, eta horren amaieran minututik gorako tartea zegoen.

Lan erdiak izaten dira horrelako neurketetan erreferentzia puntu nagusia, eta hor zuloa handia zegoen; izan ere, ia bi minutura handitu baitzen Dorronsorok zeukan alde hori, eta azkeneko bi enborretan lortu zuen aldea minutu eta erdikoa izan zen. Bigarren itzulian berean jarraitu zuen Dorronsorok, eta Elorriagak, berriz, ezinean segitzen zuen. Une batzuetan bazirudien lana utzi ere egingo zuela, baina bere laguntzaileen animoekin aurrera egin eta lanak burutu zituen, baina bapo sufrituta. Hauek izan ziren enborrez enbor Dorronsororen denborak: 2.24, 5.23, 8.38, 12.05, 15.32, 18.42, 22.17, 25.44, 29.24, 32.57, 36.56 eta 40.26. Elorriaga II.arenak, berriz, honako hauek: 2.45, 5.30, 9.02, 12.35, 16.46, 20.37, 25.01, 29.01, 33.45, 39.23, 45.48 eta 51.46.

Irabazi arren, Dorronsoro ez zegoen batere gustura egin zuen lanarekin. «Irabazi dut, baina egindakoarekin ez naiz batere gustura geratu. Etxean hau baino denbora hobea egiten dut, eta gaur ez dut etxekoa egin. Ustez lasai etorri naiz, baina gero oso urduri atera naiz, eta gozatu ezinik jardun dut. Eskerrak Elorriagak ez nauen estutu, bestela gaur oso gaizki pasatu behar nuen», esan zuen Zeraingoak. Enborrekin, berriz, gustura agertu zen irabazlea, eta, egia esan, orokorrean egurrak oso onak izan ziren.