GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Biellek eta Lanbertek eman dute lehenengo ezustea


Berezkoen Binakako Txapelketako aurreneko ezustea eman dute Biellek eta Ximun Lanbertek Waltariri eta Gixanduti 40 eta 20 irabazita, herenegun iluntzean Garindainen.

Gakoa atzean egon zen, eta hor Gixandut oso gaizki aritu zen. Ximun Lanbert gero eta hobekiago ari da, eta bera izan zen herenegungo protagonista; partidan erabat nagusitu zen, eta aurrelariari, Bielleri, ikaragarri erraztu zizkion gauzak.

Beste partidan ez zen inongo ezusterik izan, eta bertan Larraldek eta Bilbaok 40 eta 24 hartu zituzten mendean Etxegarai eta Lazkano. Faboritoak jaun eta jabe izan ziren hasieratik, eta aurkariek ez zuten inongo aukerarik izan. Bigarren Mailakoa ere jarri da abian, eta herenegun, Laurent Lanbertek eta Palomesek 40 eta 31 hartu zituzten mendean Monze eta Luku. Atzo jokatutako norgehiagokan, berriz, Elgartek eta Ezkurrak 40 eta 24 irabazi zieten Oltzomendiri eta Benesseri.