23 MAR. 2017 IKUSMIRA Parte hartu eta gozatu? Maider Eizmendi Kazetaria Jira eta buelta ikusi ditut Mallorkako futbol zelai batean gaztetxoen gurasoek emandako espektakuluaren irudiak. Ikusi ez dituen inor geratzen bada, ez dezala pentsa euren haurrak animatzeko modu erakargarri edo original bat proposatu dutenik; ez da erakargarria eta, tamalez, berria ere ez, ukabilkadaka eman baitiote amaiera partiduari. Ez da berria ez, eta horregatik entrenamendu eta kirol lehiaketa zenbaitetara gurasoen sarrera mugatzea ere proposatu da, zelaian edo pistan kiroltasunaz erakusten den guztia zapuzten duelako harmailetan ikusi eta entzuten denak; baina han bakarrik ez. Imajinatzen duzue aipaturiko liskarrean parte hartu zuten gurasoetako asko euren haurrei partiden ostean esango dizkietenak? Guri ere esaten ziguten parte hartzea zela garrantzitsuena eta orduan ere ez genien sinesten, aldartea desberdina zelako irabazitakoan edo galdutakoan eta irabazlearen dominak jartzen zirelako eskolan erakusgai eta ez zein ondo pasatu genuen adierazten zuten argazkiak. Azken batean, kirola lehiaketaren baitan antolatuta zegoen eta batzuek irabazteko besteek «parte hartu» behar zuten. Irakurri dut istilua sortu zuten pertsona horien taldeak lehiaketa utziko duela eta lagunarteko partidak jokatuko dituela aurrerantzean. Inork haurrak zigortu dituztela pentsatuko du eta, agian, hala da, nahi beste partidu jokatzeko aukerarik ez dutelako izango. Baina uste dut lasaitu ederra ere hartuko zutela, horrelako liskarra eragiteko gai diren gurasoak harmailetan izatea ez delako seguruenik kirola egiteko modurik eroso eta dibertigarriena.