GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Eloi Kortxero hurrengo saiorako sailkatu da


Eloi Kortxero izan da Bakarkako Urrezko Aizkorako lehen jardunaldiko aizkolaririk onena. Hasiera batean bi kanporaketa ziren jokatzekoak lehen jardunaldi honetan, baina herenegun ilunabarrean Bilboko Atxurin jokatu beharrekoa bertan behera geratu zen eguraldi txarra zelako, eta datorren astean jokatuko da.

Ondorioz, atzo Agurainen iragarrita zegoena bakarrik jokatu ahal izan zen, eta ez zen ezusterik izan, faboritoetako Kortxerok lortu baitzuen garaipena.

Arabarrarekin batera, Erdozia zen beste faboritoa eta hura ere finalerdietara iritsi zen, baina tartean España anaiak sartu ziren. Segoviako aizkolariek oso lan ona egin zuten, eta emandako itxura ere ona izan zen.

Proba guztietan bakoitzak kana-erdiko bat eta 60 ontzako bat ebaki behar izan zituen, etzaniko enborrak. Final-laurdenetan, aurreneko saioa Naredo asturiarrak eta Ruben Españak jokatu zuten. Azken honek 7 minutu eta 56 segundoan burutu zuen lana, eta minutu eta zazpi segundoko aldea atera zion Naredori.

Ondoren, Ramiro Llanos eta Erdozia lehiatu ziren. Nafarrak 7 minutu eta 23 segundoan amaitu zuen jarduna, eta minutu eta 38 segundoko aldea lortu zuen. Jarraian, Armentia eta Daniel España neurtu ziren, eta segoviarra gailendu zen, bere lana 10 minutu eta 54 segundoan burutu eta arabarrari 52 segundo ateraz. Azkenik, Iacobuti eta Kortxero izan ziren aurrez aurre eta azken honek 7 minutu eta 6 segundo behar izan zituen bereak egiteko, aurkariari hiru minutu ateraz.

Finalerdietan Ruben Españak bi segundogatik irabazi zion Erdoziari. 7 minutu eta 30 segundoko denbora egin zuen. Kortxerok, berriz, Daniel España menderatu zuen, 7.54ko denbora eginda eta 3 minutu eta 22 segundo atera zizkion.

Finalean ere Kortxerok ez zuen hutsik egin, eta bere egin beharrekoa 8 minutu eta 4 segundoan amaitu zuen, Ruben Españari 45 segundoko zuloa eginez, Segoviako aizkolariak 8 minutu eta 49 segundo behar izan baitzituen bere egin beharreko lan guztiak amaitzeko. Ondorioz, Eloi Kortxero hurrengo kanporaketa jokatzeko moduan izango da.