GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Zu, feministegi hori


Agian ezagutuko duzu Barbijaputa ezizenez idazten duen pertsonaren bloga, gune feminista, berdinzalea eta Zirikazan izenburuarekin ezin hobeto egingo lukeena. Bera, pertsona fisikoa, ez duzu ezagutuko; inork ez daki nor den, berak hala nahita, baina, irakurle ugariren partetik irakurri behar dituenak irakurrita, segurtasun-kontua ere bilakatu zaio: heriotza-mehatxuak etengabe jasotzen ditu, irainak eta mota orotako mespretxuzko adjektibo nazkagarriak, emakumeoi eskaini ohi zaigun errepertorioko klasikoak, jada gutxienekoa iruditzen zaizkio. Dagoeneko ohituta dago hori guztia jasotzera, idazten duen bakoitzean, baina ez al da hori, amorragarri eta kezkagarriaz gain, zerbaiten seinale?

Kezkagarria, jakina, XXI. mendean feminismoa ozen eta garbi aldarrikatzeagatik, feminismoaren harrotasunetik norbere iritzia aditzera emateagatik, inguruan gertatzen denari genero-ikuspuntu zeharkakotik gabe zuzenekotik heltzeagatik, emakume bat, ezagutu zein ez, horrela trata dezakeela uste duen hainbeste gizonezko egotea. Hainbeste gizon suminduta eta oldartuta feministen ahots harroak, ez otzanak eta ez epelak, gero eta gehiago, gero eta handiagoa, baduelako bere lekua, horrexegatik baino ez. Baina horrexegatik baino ez horrek asko dio gure jendarteaz, horren patriarkala eta matxista oraindik, funtsean aldatzeko horren beldurti. Barbijaputa bezala, emakume asko «feministegiak» gara, hau da, obsesionatuegiak, tematiegiak, lastategian orratzik ez bada guk geuk asmatzeko kapazegiak… eta histerikoegiak, astunegiak eta, nola ez, kexatiegiak. Makromatxismoa gaindituta dagoelakoan (?) mikromatxismoei begira dagoen egun onartu-finkaturiko feminismoaren esparruko norbanakoek –gizonezkoek batik bat, baina emakume ugarik ere bai– eta erakundeek uste dute hori, zeinek bereari eusteko ez duten zalantzarik egiten bestelako feminismoa praktikatzen dugunok makurrarazi edo baztertzeko, dela txantxetan, ironiaz eta ustez suabe (arlo pribatuan gehiago), dela zuzenean biraoen eta haien aldeko intelektualen dardo pozoitsuen bidez (esparru publiko anonimoan eta instituzionalean).

Zu ere, emakume ala gizon hori, feministegia baldin bazara, jakingo duzu zertaz ari naizen, egunerokoan biziko duzulako zure jardunbide berdinzalean. Etsigarria da egiaztatzea, bai, emakumeon ahalduntzearekiko zenbat uzkur dagoen oraindik, baina ez al da motibatzailea, era berean, haien beldur nabarmena gauzak aldarazten ari garen seinale garbia izatea?