28 MAR. 2017 Berezkoak Bielle eta Ximun Lanbert goranzko bidean doaz Jon LEUNDA Biellek eta Lanbertek hirugarren postuan lehen fasea amaitu eta ondorioz finalerdietara zuzenean sailkatzeko itxaropenari eusten diote, atzo Intxausperi eta Amuleti 40 eta 22 irabazi ondoren, Donibane Garaziko Garat trinketean. Markagailuak dena erakusten du, garaipena lortu zuen bikoa jaun eta jabe izan baitzen. Horri aurkarien partida txarra gehitu behar zaio; izan ere, Intxauspek eta Amuletek 19 pilota galdu zituzten, aurkariei abantaila handia emanez. Neurketak ez zuen ia emoziorik izan, oso azkar hartu baitzuten abantaila Biellek eta Lanbartek eta gero eta zuloa handiagoa eginez joan ziren. Bikote hau txapelketa bikaina egiten ari da. Aurretik Bigarren Mailakoa jokatu zen, eta bertan ezustea izan zen, Monzek eta Lukuk 40 eta 36 hartu baitzituzten mendean Elgart eta Ezkurra. Azken horiek ziren faborito, baina neurketa estu baten ondoren, azken txanpan erabaki zen.