GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Gehitzeko ez da kenketa batetik abiatu behar


Inbidia sanoa eman dit EAJk astebukaeran egin duen ekitaldiak. Normala iruditzen zait nork bere historia goratzea eta preziatzea, duela 40 urte hartu bidean asmatu zutela eta kerik saltzeke herri honen salbatzaile izan direla esatea. Ez nator bat, inondik inora, baina anormala kontrakoa litzeteke, berdin da EAJk edo ezker abertzaleak egin. Barakaldoko BECen egindako ekitaldi horretan Xabier Arzallusek Txiki Muñozi botatakoak ezin zantarragoak iruditu zitzaizkidan, baita hurrengo egunean ETBko albistegietan Urkulluren eta Egibarren ahotsak gehituz ELAri emandako egurra ere. Fanatismoaren sindromea, integrismo antisindikal hutsa, Margaret Thatcher totala.

Inbidia eman zidan, baina, eta aitortu behar dut, ekitaldiaren leloak: “Lehen, orain eta beti, aberria!”. Lelo horrekin, ideiarekin, %100 ados nago. Eta azken aldiotan “aberria” hitza eta sentimendua gutxietsiz, bere potentziala alboratuz, independentismoaren izenean gainera, ugaritu diren zenbait diskurtso akademikoren kontra, zera diot: aberria eta bizi, aberria bizi beti. Harro eta erro. Zer garen aitortzeko, nor garen esateko, lotsarik gabe, beldurrik gabe.

Abertzale izanik independentistak gara. Ez dugu onartzen independentista gehiago egoteko abertzaletasun gutxiago behar dela defendatzea. Euskarak ortopediko egiten duela abertzaletasuna, trabak eta topeak jartzen dituela erdaldunak independentismora erakartzeko. Gehitzeko ez dugu kenketa horretatik abiatu behar. Sekula, inolaz ere. Gu garena garelako, eta hori galduko bagenu, den-dena galduko genukeelako, ezerezean urtuko ginatekeelako.