GARA Euskal Herriko egunkaria
IKUSMIRA

Triste egoteko eskubidea ere ebatsi al digute?


Azken urteotan modan jarri zaizkigu (ustezko) autolaguntza liburuak. Mareak bezala, joan eta etorri egiten dira boladaka, aita, ama, lagun edo bikote perfektuak izateko zer egin behar dugun erakusteko. Paulo Coelhok berak ere idatziko ez lituzkeen esaldiak nonahi barreiatzea ere oso cool da. Bizitzaz nola disfrutatzen dugun eta zeinen ongi pasatzen dugun erakusten duten argazkiez betetzen ditugu Twitter, Facebook, Instagram, Whatsapp, Snapchat eta Periscope, berdin dio irudiok errealitatearekin antz izpirik ere ez badaukate.

Zoriontasuna, garaipena, arrakasta eta antzekoak idealizatzen dizkiguten bitartean, maitasuna edota adiskidetasuna ulertzeko modu bakarra dagoela ere sinestarazi nahi digute. Berba potoloegi horiek beste edozein produktu industrial bezala saltzen dizkigute maiz. Eta guk, bizitza pantailen bitartez ikustera gero eta ohituago gaudenok, gustura asko onartzen ditugu, gainera.

Badirudi, positibismoaren diktadura honetan (“zorionkeria” dei dakioke?), ukatu egiten zaigula triste egoteko edo, etsita, besoak jaisteko eskubidea. Ez dezagun ahaztu, bada, porrota bizitzaren zati bat ere badela. Oasi zoriontsu batean bizi direla sinetsita hazitakoen frustrazioa nola kudeatzen da, bizitzak eduki badaukan alde krudela erakusten duenean? Behea jo izanaren sentsazio makurra gestionatzen erakustea ere ez legoke gaizki.

Hemen utziko dut momentuz, ez baitut nahi zutabe honek autolaguntza gidaliburu baten antzik hartzerik. Finean, boteprontoan botatako hiruzpalau hausnarketa besterik ez dira-eta.