GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Energia, demografia… geologia


Edonorentzat begi bistakoa da energiaren eta demografiaren arteko lotura; bada, bi termino horiek geologiarekin duten lotura ere lehen begiratuan eman dezakeena baino askoz estuagoa da. Neguan ohikoak diren fenomeno meteorologiko ugari izan ditugun egunotan, hedabide guztietan bolo-bolo eztabaidatu da, beste behin ere, energiaren hornidurak zer-nolako arazoa dakarkion gizarteari eta energia nola eta zer preziotan horni daitekeen: erregai fosilekin, energia nuklearrarekin, energia berriztagarriekin? Baliabide propioak bilatuz eta kontsumituz, ala beste herrialdeetakoen truke ordainduz?

Alde batera utzita gizarteak energia iturri jakin batzuk baztertzen dituela eta beste batzuk onetsi, egia da hala karbono apaleko ekonomiak nola teknologia berriek edo energia berriztagarriek modu intentsiboan erabiltzen dituztela metal arraroak (beharrezkoak dira baterietarako, panel fotovoltaikoetarako, turbinetarako, mikroprozesadoreetarako, katalizatzaileetarako eta abarrerako). Alabaina, gizartea ez da horretaz jabetzen. Gainera, materialon prospekzioa eta hornikuntza soil-soilik geologiaren eta meatzaritzaren mende dago; izan ere, gaur-gaurkoz ezin dira birziklatu gizakiak aurretik fabrikaturiko materialak erabilita (beira eta burdina ez bezala, esaterako). Hortaz, pixkanaka-pixkanaka energia berriztagarrien mende egoteak esan nahi du berriztagarriak ez diren baliabide batzuk (erregai fosilak) erabili ordez berriztagarriak ez diren beste batzuk (metal eta mineral jakin batzuk) erabiliko direla.

Nazioarteko itunetan jasota dagoenez, oro har asmoa dago energia berriztagarrien ekarpena (batez ere, eguzkiarena eta haizearena) 2050era bitartean proportzio handinahietan areagotzeko. Horretarako, baina, aurrez aipatutako mineral eta metal estrategikoen hornikuntza %5 eta 20 artean handitu beharko da urtero, datozen 40 urteetan. Baliabideok estrategikoak direnez, muga geopolitikoen araberakoa izaten da horien prezioa eta eskuragarritasuna. Txinak, kasurako, lur arraroak Japoniara esportatzeko blokeoa ezarri zuen 2010ean; horren ondorioz, industria-krisi larria sortu zen Japonian lehenik (motor elektrikoen, elektroimanen eta eguzki panelen lehen ekoizle eta esportatzailea baita) eta Estatu Batuetan segidan (motorraren, energiaren eta defentsaren industriak ahuldu edo paralizatu ziren, Japoniak hornitzen dituelako). Krisi ekonomiko haren ondorioz, tartean ziren herrialdeek euren ikasbidea lortu dute. Esaterako, Estatu Batuetako Senatuak, bere industriarako eta behar energetikoetarako baliabide natural estrategikorik gabe ez geratzeko, presio nabarmena egiten du bere zerbitzu geologikoek (U.S. Geological Survey) gehiago esku har dezaten.

Labur esanda, garapen ekonomiko iraunkorrak baliabide natural estrategikoen eskari izugarria sortu du. Baliabideok Lurreko edozein lekutan bilatzen dira (ur gainean nahiz urpean), baita asteroideetan eta beste planeta batzuetan ere. Gaur egun, herrialde edo korporazio gutxi batzuek baino ezin dituzte hornitu, eta geologiaren arloko profesionalek funtsezko zeregina daukate eta izango dute horretan. Izan ere, geologoek aurkitzen, esploratzen eta ustiatzen dituzte baliabideok, eta, horrez gain, jarduerak modu arautuan, eraginkorrean, garbi eta ingurumena zainduz egiten direla kontrolatzen dute.

Ba al daude, ordea, erronka horiei aurre egiteko geologo nahikoa, egoki prestatuak eta ekonomikoki motibatuak? Bada, “Nature” eta “Nature Geoscience” aldizkari ospetsuek, American Geological Institutek lanbide horretako giza kapitalari buruz 2009an egindako txostena oinarri hartuta, ezohiko bi editorial argitaratu zituzten 2011n eta 2012an, ohartarazteko Amerikako unibertsitateak ez zirela gai 2020. urtera bitartean geologo nahikoa trebatzeko (50.000 inguru, hango 200 unibertsitatetan baino gehiagotan), gorago aipatutako beharrek eta XX. mendeko 60-70eko urteetan prestatutako geologo aktiboen belaunaldia (200.000 baino gehiago) lan merkatutik erretiratzeak sortutako eskaria betetzeko. American Geological Instituteren 2014ko txostenak erakusten du arazoa oraindik ere ez dela desagertu, eta Europako geologoek ere txostenarekin bat egin dute orain, ikusi baitute Europa iparraldeko herrialdeetan desoreka dagoela profesionalen eskaintzaren eta eskariaren artean eta pixkanaka gauza bera ari dela gertatzen hegoaldeko herrialdeetan. Horrekin bat, gero eta txosten gehiagok, inkesta zehatzetan oinarrituta (adibidez, Londresko Geologia Elkartearena, Amerikako Geologia Institutuarena eta Petrolioaren Geologoen Amerikako Elkartearena), lanbidearekin lotutako alderdi ekonomikoak jasotzen dituzte, fronte guztiak aintzat hartuta (maila guztietako hezkuntza, administrazioa, azpiegituren kudeaketa, baliabide hidrikoak, arrisku geologikoak eta abar). Beste lanbide batzuetan bezala, espezialitate batzuk beste batzuk baino hobeto ordainduta daude, baina horrek ez du eragozten kasu batzuetan batez besteko soldatak sei digitukoak izatea edota zenbait herrialdetan geologoen lanbidea ondoen ordaindutakoa izatea. Giza jardueraren hainbat alderditan gertatzen den moduan, geologiak ere jende bikainena behar du aurrera egiteko.