18 AVR. 2017 IKUSMIRA Denboraren gaineko «arrazoizko ziurtasuna» Xabier Izaga Kazetaria Hemen ez da inor geratuko. Denok hil beharra daukagu. Jaiotzetik hasten gara heriotzara hurbiltzen... Bihar bertan hil gintezke, edo hogeita hamar urte barru; estatistikaren arabera, laurogei urtetik gertu hiltzeko aukera gero eta handiagoa dugu. Baina ez dakigu. Gehienok ez dakigu eta, ustez, denbora daukagu aurretik horretaz pentsatzeko. Oier Gomezek badaki noiz. Sei hilabete barru. Beharbada gutxiago... baina gehiago ere izan liteke, eta epe hori iraungita bizirik eman lezakeen minutu bakoitza arazo larria izan liteke estatu batentzat, ordezkatzen duen gizarteko sektore baten ustez onartezina izango litzatekeelako Oierrek bizirik segitzea. Onartezina iruditzen zaie hiltzear dagoenak bizitzako azken egunak bere hurkoen artean ematea. Horregatik xedatu zuen Madrilgo Gobernuak gaixo dauden euskal preso politikoak «oso epe laburrean» hilko diren «arrazoizko ziurtasuna» dagoenean baino ez direla kaleratu behar. Bihar aztertuko dute Parisen Oierren zigor-etete eskaera. Epaileak baiezkoa erabakiko balu ere, eta hala espero izatekoa da, seguruenik ez litzateke berehalakoan aterako, hiru euroagindu eskaera baititu Oierrek, bi Espainiakoak eta bat Portugalgoa, hirurak onartuta. Edonola ere, horietatik aske geratzeko prozedurak ez luke zertan luze jo. Baina kalkuluak egin beharra dauzkate: oso epe laburra zenbatekoa den, eta oso epe laburra izango den «arrazoizko ziurtasuna» behar dute euskal gizartea gaixorik dagoela dioten gizarte-sendagileek. Ziurtasun horretara iristeko denbora behar dute, Oierrek ez duen hori, hain zuzen.