GARA Euskal Herriko egunkaria
Surfa

Olatu onak eta ikuskizun bikaina

Natxo Gonzalez, Aritz Aranburu eta Imanol Yeregi kaleratuta, ez da euskalordezkaririk mutilen sailean. Azken txandak egiteko baldintza onak izango dira.


Olatu onak, giro epela eta lehia bizia izan ziren atzo nagusi Zarautz Pro QS txapelketan. Laugarren egunean, olatuen altuerak gora egin zuen. Itsaskia mendebaldetik sartu eta haize leunak itsas azala orrazten zuela txapelketa egiteko baldintza ezin hobeak izan ziren.

Ostiralean neskak soilik itsasoratu baziren, atzokoa mutilen txanda izan zen. Goizean olatu politak izan ziren, baina itsasbeherako uhin lerro zabalek olatu laburrak eskaintzen zituzten. Horrela egin zuten laugarren erronda osorik, eta bazkaltzeko eten bat egin ostean, bosgarren errondako txandei ekin zieten. Haizea apur bat harrotu zen, baina itsasgoran, epaile kabinaren aurrean, ezker-eskuin lehertzen ziren olatu ederrak jaso ziren eta surflariek ikuskizun ederra eskaini zuten.

Malekoia eta hondartza jendez leporaino zen eta uretan kolore desberdinetako likrak mugimendu etengabean zebiltzan. Lau lehiakideko txandak izateak biziagoa bilakatzen du lehia eta ikusleentzat ere dinamikoagoa da. Hori gaur aldatu egingo da, aurrerantzean txandak buruz burukoak izango baitira.

Atzo arratsaldean egin zituzten lau txanden artean, batez ere, batek piztu zuen ikusleen arreta; alegia, Imanol Yeregi eta Aritz Aranburu itsasoratu ziren txandak. Zarauztarra indartsu hasi zen, 8 puntuko olatu bikain bat egin zuen, baina horren ostean, ez zitzaion zain zegoen gutxieneko olatua etorri.

Yeregik, ostera, mailari eutsi zion, olatu on asko egin zituen eta ariketa desberdinak maisutasunez konbinatu zituen, baina honek ere ez zuen txanda gainditzea lortu. Zumaiarraren kaleratzeak harridura sortu zuen ikusleen artean, agerikoa baitzen olatu garbienak egin zituena bera zela. Gainera, bigarren postuan geratu zen Titouan Boyer frantsesak 0,03 puntuko aldea baino ez zion atera.

Gauzak horrela, Natxo Gonzalez, Aritz Aranburu eta Imanol Yeregi kaleratuta, jada ez dago euskal ordezkaririk mutilen artean. Nesken kategorian bezala, mutiletan ere frantsesak dira nagusi, geratzen diren lehiakideen erdiak baitira.

Gaur ere olatu onak espero dira, metro betekoak. Goizeko bederatzietan erabakiko dute antolatzaileek zein kategoriarekin eman hasiera egunari, eta ondoren, mailak txandakatuz egingo dute aurrera. Hau da, kategoria bateko final-laurdenak amaitu ostean, beste kategoriako final- laurdenei ekingo diete, gero finalerdiekin gauza bera, eta horrela finalak egin arte.