02 MAI 2017 Aizkora Azurmendi eta Mugertza, aurrera J.L. Ugaitz Mugertzak eta Iñaki Azurmendik eskuratu zuten atzo, Lazkaon, Urrezko Aizkorako hurrengo saioan aritzeko txartela. Jende asko batu zen atzoko bi kanporaketak ikusteko asmoarekin. Bi saioetan, aizkolari bakoitzak lau lan egin behar izan zituen. Hasteko, 45 ontzakoa erlojuz kontra ebaki behar izan zuten. Ondoren, tamaina bereko enborra zutik jarrita ebaki behar izan zuten. Hirugarrengoan, 60 ontzako bat erdibitu behar izan zuten, eta azkenik bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu zituzten. Aurreneko kanporaketan Mugertzak saio guztiak irabazi zizkion Mieltxo Mindegiari. Erlojuz kontrako lana 47 segundoan amaitu zuen Mugertzak, Mindegiari 10 segundoko tartea kenduz. Zutik jarritako enborra minutu eta sei segundoan burutu zuen mutrikuarrak, eta aurkariari beste 21 segundoko tartea zabaldu zion. 60 ontzako enborrarekin ere aldea lortu zuen Ugaitz Mugertzak. Bere lana 2 minutu eta 45 segundoan amaitu zuen, eta beste 21 segundoko zuloa egin zuen. Iraupen proba 11 minutu eta 12 segundoan amaitu zuen Mugertzak, eta 11 minutu eta 51 segundoan Mindegiak. Denera, 15 minutu eta 50 segundo behar izan zituen Ugaitz Mugertzak, eta 17 minutu eta 21 segundo Mieltxo Mindegiak. Beste kanporaketan, Iñaki Azurmendik Luix Txapartegi menderatu zuen. Aizarnakoak ordezkatu zuen Jon Irazu, zizurkildarra min hartuta baitago, eta ezin izan zen aritu. Neurketa hau iraupen proban erabaki zen. Abiadurako proba Azurmendik irabazi zuen, minutu eta 6 segundoan amaituta, eta Aizarnakoari zortzi kenduta. Ondoren, zutik jarritako enborra ebaki behar izan zuten, eta hor Txapartegi nagusitu zen. Bereak minutu eta 57 segundoan amaitu zituen, eta 27 segundo kendu zizkion Azurmendiri. 60 ontzakoarekin gauzak estu joan ziren, segundo bakar bateko tartea egon baitzen bien artean. Azurmendik irabazi zuen bere jarduna 10 minutu eta 16 segundoan amaituz. Iraupen proban, ordea, alde handia egon zen. Arriarangoak 10 minutu eta 16 segundo behar izan zituen bere lanak amaitzeko, eta 12 minutu eta 9 segundo, berriz, Txapartegik. Lan guztiak burutzeko, 16 minutu eta 41 segundo behar izan zituen Azurmendik eta 18 minutu eta 16 segundo Txapartegik. 19 urtez azpikoetan, Kañamares V.ak lortu zuen finalerako txartela Zabala menderatuta. 15 minutu eta 36 segundo izan zen bere denbora, eta Leaburukoak, berriz, 18 minutu eta 43 segundoan amaitu zituen lanak.