GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Filantropia


Aurreko astean jakin genuen Amancio Ortegak, munduko gizonik aberatsenetakoak, 14,5 milioi euroko donazioa egin ziola Osakidetzari. Ez da azken boladan Euskal Herrian egin duen diruztatze bakarra izan; martxoan Nafarroako Gobernuari 5,7 milioi euro eman zizkion minbiziari aurre egiteko ekipoetan.

Establishment-aren medio guztiek munduko gizonik aberatsenetakoa zein gizon ona den esan digute. Eta barkatuko didazue, baina halakoek susmo txarra baizik ez didate eragiten.

Datu eta indize ekonomiko zein sozialek diote lanaren bidez sortzen dugun aberastasuna gero eta esku gutxiagotan metatzen ari dela eta beraz pobrezia areagotzen ari dela, baita Euskal Herrian ere. Datu bat ematearren: soldata altuenen %10 azken urteetan %8 igo dira. Soldata baxuenen %10, ordea, %7 jaitsi dira. Eta joera hau esponentziala da.

Karitatea edo justizia. Hor da eztabaida zaharra. Oso makurra da auzia. Zergatik daude gure eskubideak filantropo baten propinaren menpe? Botere erakustaldi lizuna baizik ez da. Bortizkeria sinbolikoa.

Eskubideak (osasuna kasu honetan) zerga sistema progresibo eta justu baten bidez sistema publikoak egindako diru bilketaren bidez bermatu beharko lirateke, lehen aipatutako joera esponentziala galaraziz eta aberastasunaren banaketa orekatua bermatuz. EAJk zergatik ez du nahi aberastasunaren gaineko zerga handirik? Zergatik jartzen dute karga handiena lan errentetan, horrek kalterik handiena soldata baxuenak dituztenei egiten diela dakitenean?

Gero eta ugariagoak dira aberatsen artean ekimen filantropikoak. Esplotatzaile handi baten zuriketa operazioa baino ez da hau. Larria da Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua joko horretan sartzea.

Eta larria da telebista publikoa (ETB) zuriketaren propagandarako leiho bilakatzea, Ortegaren bizitza eredugarriari buruzko dokumentala emitituz, albistegietako propaganda eta guzti donazioaren berri izan baino egun batzuk lehenago. Esan gabe doa Ortegak donazioagatik izango dituen zerga onurak ere ikustekoak izango direla.