GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

Trena Maltzagatik igaro da (eta II)


Gasteizko Legebiltzarrerako hauteskundeak pasatuta, Gure Esku Dago ekimenaren hainbat herri-galdeketa burututa, ETAren armagabetze osoa egiaztatuta, Ipar Euskal Herriko erakunde berria osatuta, UPN gobernuetatik at utzita eta mendebaldeko hiru herrialdeen aurrekontuetan PNVk PP hautatu duela ikusi eta gero, eszenatokia aldatuta dago.

PNVren zuzendaritzan ez dago inolako pitzadurarik, garai bateko subiranisten eta autonomisten arteko lerroketa iraganeko kontua da, eta egun, PNV osoak aho batez, egungo markoa babesten du. Euskal naziotasunaren onarpen sinbolikoa aski du eta Ardanzaren garaietako aliatu estrategiko berberak aukeratu ditu. Izan ere, PSE, guztiz ahuldurik, jeltzaleen makulu merkea bilakatu da.

Ahulezia egoera, barne zatiketa dela medio, Madrilen PPren gobernua erraztearren, baina batik bat, PSOEren eskaintza Hego Euskal Herrian amortizatuta dagoelako. Nafarroa Garaian UPNren apopiloa izatea aukeratu zuelako eta mendebaldeko hiru herrialdeetan bere diskurtso identitarioak porrot egin duelako.

PSEren diskurtsoaren ardatza diskurtso identitarioa izan da. Azkeneko hauteskundeetan Idoia Mendiak ere berreskuratu nahi zuen euskararen aurkako bideo trakets hori plazaratzean. Antzua izan zen, ordea, bere ohiko boto-emaileen seme-alabek ez baitute euren burua PSEk ordezkatu nahi izan duenarekin identifikatzen. Une honetan, toki askotan, PSEk eta PNVk eremu berean arrantzatu behar dituzte botoak eta PNV garaile atera da. Besteak beste, biek eredu sozioekonomiko bera aldarrikatzen dutelako eta PNVk alternatiba identitario erraza eskaini duelako; hots, «vascoa» izatea hautu estetiko gisa, euskalduna izateko beharrik gabe, euskal herritarra izateko beharrik barik.

PNVk berriz ere leialtasuna nori zor dion aukeratzeko garaian, aukeratu du, hau da: talde interesei, interes ekonomikoei; eta klasikoek esango zuten moduan, «klase-hautua egin du». Klase-hautua nazio-leialtasunaren gainetik, kartera eskuineko poltsikoan gordetzen baita. Eta egoera honek luze joko du, PNV Estatu espainiarraren laguntzaile bilakatu baita. CiUk independentismoarekin lerrokatzeko beharra izan zuelarik, Ortuzar eta Urkullu agudo Duran i Lleidaren parean kokatu ziren. Arin, publikoki eta ozenki, badaezpada ere.

Gasteizko Legebiltzarrean ondo baino hobeto irudikatu da «Bloke Sistemikoa» osatzen dutela PSEk, PNVk eta PPk. Aurrekontuak izan dira horren isla garbiena. Sistema bera babesten dute hiru talde hauek eta boto mugimendua beharrezkoa denean euren boto-emaileak ere mugitzen dira, behar horien arabera. Gasteizko Legebiltzarreko azkeneko hauteskundeetan PNVk boto gehiago atera zituen independentismoari uko egin ziolako, ederki baitzekiten PPtik eta PSEtik milaka boto lortuko zituztela. PNVk gobernua espainiar nazionalismoari zor dio eta honek berresten du aurreko artikuluan idatzi nuena: Ibarretxe baztertzean, PNVk trena Maltzagatik igarotzen utzi zuen.

Zaletasun eta gorroto guztietatik at dagoen egiaztapena da. Ikerlari «neutral» batek azterketa egingo balu, baieztatuko luke PNV ezin dela indar independentistekin lerrokatu, objektiboki aztertuta alderdi hau ez da independentisten aliatua. Eta azpimarratu nahi nuke «fobia» eta «filia» guztietatik landa egindako baieztapenaz ari naizela; izan ere, beste garai batzuetan, askok ez dugu arazorik izan oinarri zabaleko ekimen «panabertzaleetan» aritzeko. Hamaika aldiz topo egin izan dut, adibidez, Ramon Labayen zenarekin, Nazio Eztabaida Gunean; Independentistak-en, Erabaki Plataforman… Gustura eta tinko aritu ginen Maltzagako Mahaian burujabetzaren aldeko mugimendu xume hartan, Tasio Erkiziak, Mertxe Colinak, Carlos Garaikoetxeak, Xabier Arzallusek eta Patxi Zabaletak agiri bera sinatu zuteneko hartan. Baina tren hura pasatu zen. Egun, Ibarretxeren borreroek agintzen dute Sabin Etxean eta aldaketarako zantzu txikienik ez da ikusten.

Gure Esku Dagok antolatu dituen herri-galdeketetan ere, oso gutxi nabaritu da PNVren boto-emaileen parte-hartzea. Talde honen diskurtsoa apala izan arren, sarritan postabertzale ala prepolitikoa izanagatik ere, ez du lortu esparru berri askotara iristea. PNVren boto-emaile asko dezente gehiago mugitu dira, esaterako, atez ateko zabor-bilketaren aurka egindako herri-galdeketa batzuetan, Gure Esku Dagok antolatutakoetan baino. Adierazgarria.

Prepolitikoa izan da ere Aberri Egunean Bernardo Atxaga eta Nagua Albaren diskurtsoa, naziogintza «sentimenduen» esparruan kokatu zutenean. Askoz ekarpen berritzaileagoa eta politikoagoa espero genuen partitokrazia haustera etorri omen zen alderditik.

Egiari zor, aldaketa gehiago ikusten ari dira PNV ez dagoen tokietan PNV gobernuan dagoen tokietan baino. Apalak izanda ere, jardun politiko berritzaileagoak egin dira Nafarroa Garaian eta Ipar Euskal Herrian. Egun, PNV aldaketa orori atea ixten dion atezain zorrotza da. Hori dela eta, politikari askok kontrakoa uste duten arren, baliteke, epe laburrean, EAE izeneko lurraldeetan baino, Euskal Herriko beste eskualdeetan aldaketen giltza batzuk aurkitzea.

Honen harira, zalantzan jartzen dut ezker subiranistaren baitan kokatzen diren zenbait sektorek egiten duten hausnarketa, mendebaldeko hiru herrialdeetan PNVren laguntzaz prozesu subiranista azkartu daitekeela uste duten sektore horiena, alegia. Ez daude-eta gertuago Bilbo, Irun edo Gasteiz, balizko askapen eta eraldaketa prozesu batetik Lizarra, Tafalla edo Iruñea baino.

Gauzak horrela, bistan da independentistok ez dugula bide samurra. Euskal Bidea egiteke dago. Eta bidea, Mario Zubiagak bere azkeneko artikuluan –“A setas y a Rolex”– esaten zuena baino dezente konplexuagoa da, besteak beste rolexetara joan direnak bidaide ez direlako. Soziologo honek aipatzen zituen bi eredu nagusietatik kanpo dauden beste bide berriago batzuetan aurki daiteke jarraibidea, asmatzeke, jorratzeke, dauden teknika eta estrategia berrietatik egungo egoerara egokituta eta egungo garaiari egokituta.

Maltzagatik igarota, aurrera joan nahi dutenekin aurrera egin behar dugu. Maltzagan igo ez direnek agian Altsasun igotzeko aukera izango dute, baina aitzinera egin ezean, trenik ez da egongo.

Politikarien arloan EH Bildu eta EH Bai-tik kanpo bidaiari gutxi ditugu. Azkeneko urteetan egin diren saialdi guztiek baieztatu dute hori; aldiz, politikari profesionalen esparrua ez da joko-zelai bakarra. Jendarte sistema honek kaltetzen dituen sektoreetara jo behar dugu, eta kaltedun horiek naziogintzarekin bat egin dezaten ahaleginduz Bloke Sistemikoak osatzen duen bloke hegemonikoari alternatiba eskaintzeko moduan egongo gara. Bidea eginez, alternatiba gauzagarriak sortzen.

Homologatua den politikan aritu behar bada ere, litekeena da aldaketa esparru horietatik kanpo hastea: sindikatuekin, langabetuekin, euskaltzaleekin, feministekin, herri-mugimenduekin… Legebiltzarretan gehiengoa eskuratzeko ahalegina egiten jarraitu behar bada ere, legebiltzarretatik at ere, bestelako gehiengoak eskura daitezke. EAE izeneko esparruko herrialdeetan zenbait aldaketa gauzatu daitezkeen arren, euskal herritar ororentzat prestatutako jardunek aldaketa sakonagoa eta azkarragoa ekar dezaketelakoan nago.

Euskal Errepublikaren trenera igo gara, billetea erosi dugu, Errepublika horren herritar gisa bidaiatuz, ateak zabalik bidaiariak onartzeko prestasunez eta gogoz, baina norabide bakarrean, independentziara.