06 MAI 2017 Aizkora Onenak ari dira Urrezko Buruz Burukoan sartzen J.L. Buruz Buruko Urrezko Aizkora bere unerik onenean sartzen ari da, eta asteburu honetan beste lau neurketa ikusi ahal izango dira. Aurrenekoa gaur jokatuko da Getarian, eta bihar beste bat Hondarribian. Gaur arratsaldean hasiko da jaialdia Getariako pilotaleku zaharrean, 18.30ean, eta bertan Eneko Otaño, Donato Larretxea, Jon Rekondo eta Juanjo Lopez lehiatuko dira. Bihar Hondarribiko Jostaldi kiroldegian jokatuko dira beste bi kanporaketa, 12.00etan, eta bertan Joseba Otaegi, Mikel Larrañaga, Ruben Saralegi eta Julen Kañamares jardungo dira. Kanporaketa bakoitzean, aizkolariek 45 ontzakoa erlojuz kontra erdibituz abiatu beharko dute. Ondoren, tamaina bereko enborra zutik jarrita moztu beharko dute. Hirugarrengoan, 60 ontzakoa izango dute aurrean, eta azkenik bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako moztu beharko dituzte. Kanporaketa bakoitzeko irabazleek lortuko dute hurrengo fasean aritzeko txartela. Harri-jasotzea Pastorkuaren Oroimenezko Torneoa ere jokatuko da, aizkolariekin batera. Gaur, Getarian, Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi lehiatuko dira, eta Hondarribian, berriz, Iñigo Eizagirre eta Xabier Peñagarikano arituko dira. 125eko errektangularra, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili beharko dituzte. Bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, bina minutuko txandak izango dituzte.