09 MAI 2017 IKUSMIRA Matriarka... zer? Xole ARAMENDI Kazetaria Euskal matriarkatua mitoa da, emakumeek ezin zuten baserria oinordetzan hartu ere egin». Ba horixe. Ea batzuek garbi entzuten duten, bada garaia eta!!, pentsatu nuen. Maria Castejonen hitzak dira, Historian doktorea bera. Generoak zineman izan duen adierazpenaz ikastaroa emango du hil honetan Iruñean. Eta horren harira elkarrizketa. Beraren esanetan, egiazkoa ez izan arren zineman ere jaso zen mitoa da. Zenbat gustatzen zaigun Euskal Herria desberdina izan dela pentsatzea, nahiz geure buruari kontatzen dioguna «ipuin» polita izan. Aspaldi ikertu zuen Teresa del Valle antropologoak kontua feminismoan eta antropologian erreferentziazko lana den “Mujer vasca, imagen y realidad” lanean. 1985ean, pentsa!! Eta ondorioa garbia izan zen. Gezurra da. Euskal matriarkaturik ez da sekula existitu. Beraren ustez, idealizazio nahiak eraman ditu hainbat mito hori sortzera. «Emakumeon matriarkatuaren kontzeptua ez da ohikoa; ondorioz, emakumeok boteretsuak izatea besteengandik desberdintzen gaituen zerbait bihurtzen da; eta prestigioa eman diezagukeen horrek emozioa eragiten du», zioen bere garaian. Lidergo politikoa, autoritate morala, jabegoaren kontrola eta seme-alaben zaintza beren gain emakumeek, bereziki, amek, duten jendarteez ari gara matriarkatuaz hitz egiten dugunean. Gure birramona eta amonek bai, senarrak emandako sosekin «mirariak» egiten zituzten etxean, horretan artistak ziren (zer erremedio!!), baina horretara mugatzen zen euren «boterea» (gehienetan). Eta hori bai, betiere, etxeko lau hormen barruan. Badaezpada.