GARA Euskal Herriko egunkaria
Berezkoak

Binakako errebantxa jokatuko da Angeluko Torneoan


Berezkoen Binakako Txapelketako errebantxa izango da gaur hasiko den Angeluko Torneoan. Finalerdietara iritsi ziren bikote berak izango dira, eta kanporaketak ere berberak izango dira. Ikusi beharko da finala ere errepikatzen den edo ez.

20.00etan hasiko da gaur gaueko jaialdia Angeluko trinketean. Lehen finalerdian, Larralde eta Bilbao Bielleren eta Ximun Lanberten aurka lehiatuko dira. Lehen bikoteak irabazi zuen finalerdia Binakakoan, eta gero baita txapela ere.

Hauek euren lanak amaitutakoan, bigarren finalerdia hasiko da, eta bertan, Waltari eta Gixandut Ospitalen eta Ducassouren aurka neurtuko dira. Binakakoan lehen bikoteak irabazi zuen, sekulako ezustea emanez.

Bi finalerdietan ikusminik handiena sortu duena hau da, dudarik gabe. Binakakoan ezuste handia eman zuten Kubakoak eta Lapurdikoak, eta orain zaleek hura errepikatzeko gai diren ikusi nahi dute. Lehen finalerdiko partidan, oraingoan ere, Larralde eta Bilbao dira faborito garbiak.

Bi bikote irabazleek maiatzaren 24an jokatuko dute finala Angeluko Haitzpean trinketean, eta sarrera guztiak agortzea espero dute antolatzaileek.