21 MAI 2017 Eszena gasteiztarra aktibatzeko erronkari heldu dio Zurrunbilok Lehenaren bertigoa pasatuta, bigarren edizioari sortzeko erronka berarekin helduko dio Zurrunbilo jaialdiak: Gasteizen arte eszenikoen alorrean dabilen komunitatea batu eta sendotzea. Ekainaren 1etik 4ra bitartean, euskarazko eszenaren erdigune bilakatuko da. Amalur ARTOLA GASTEIZ Gasteizen arte eszenikoen alorrean euskaraz dabiltzanek euren lanak erakusteko dituzten zailtasunei begira eta komunitatea batu eta indartzeko beharrari erantzuna emateko sortu zuten iaz Zurrunbilo jaialdia. Hasierak ez dira sekula errazak izaten eta, honakoan ere, kalitateak hartu zion gaina kantitateari. «Egia esan, ez zen guk uste bezainbeste jende etorri», onartu du zintzotasunez Marina Suarez Ortiz de Zaratek, «baina ekarri genuen programazioa kalitatezkoa izan zen eta ondo funtzionatu zuen, nahiz eta jende gutxi etorri». Zurrunbilo eta Azkena Rock-en datek bat egiteak ez zion sortu berria zen jaialdiari mesede egin eta, beraz, aurten lehenago eta hasierako erronka berretsiz ekingo diote bigarren edizioari: ekainaren 1etik 4ra, antzerkia, dantza, bakarrizketa, teatro-errezitaldiak eta musika bateratzen dituzten proposamenak igoko dira Gasteizeko oholtzetara. «Zurrunbilo arte eszeniko guztiak bildu nahi dituen jaialdia da eta une honetan euskal panoraman dauden proposamen berriak ekarri nahi izan ditugu; uste dugu aurten ere kalitatezko programazioa osatzea lortu dugula», ebatzi du. Antzerkitik errezitaldira Ostegunean, ekainak 1, Beheko Lorraineren (Miren Tirapu) “Atte hil aurretik” antzerkiarekin abiatuko da jaialdia, 19.00etan Oihaneder Euskararen Etxean. Ikuskizun hau doakoa izango da (aretoa bete arte) eta gainerakoetarako 8 euro ordaindu beharko dira, 6 aurrez erosiz gero. Eta saio guztietarako bonua ere badago, 15 euroan (sarrerak: www.salabaratza.com). Ostiraletik aurrera, Baratzak hartuko ditu emanaldiak. Ostiralean bertan, Parasite Kolektiboak “Jadanik hilda” ekarriko du: formatu txikiko dantza eta antzerki pieza honek, protagonista nagusiak hilda hamasei urte daramatzan amonarekin duen hartu-emana du oinarri. Parasiteren ostean igoko dira Baratzako oholtzara Ixiar Rozas eta Miren Arroitajauregi (Mursego): “Plastika” performancean, hitzekin eta haien sonoritatearekin jolasean ariko dira, «esanahitik erritmora eta erritmotik esanahira igarotzeko». Larunbateko emanaldi bikoitza Kabiak eta Dxusturiren (Eneritz Artetxe) eskutik etorriko da. Lehenek “Hiroshimako zuhaitza” antzerki existentzialista ekarriko dute eta Artetxeren “Karramarroa”, aldiz, Eider Rodriguez, Miren Agur Meabe eta Marcela Iacuben testuetan oinarritutako bakarrizketa bat da: bertan, 40 urte inguru dituen emakumezko batek «mihi zorrotz eta lotsagabez» bere bizipen eta hausnarketak plazaratuko ditu. Artetxe izango da, baita ere, ostiralean eta larunbatean egingo den bufoi tailerra gidatuko duena (izena emateko: reservas@salabaratza.com). Igandean, Metrokoadrokaren “Mr. Señora” generoaren gaineko teatro-errezitaldiak hartuko du Baratza eta Zurrunbilo jaialdiari itxiera Muskuloren kontzertuak eta ondorengo amaiera festak emango dio. KOMUNITATEA «Euskal antzerkiak Gasteizen komunitate propioa du eta hura indartu nahi dugu batetik; Euskal Herrian kalitatezko gauzak egiten direla ere erakutsi nahi dugu. Horregatik sortu genuen Zurrunbilo», ziurtatu du Suarezek. EGITARAUA Miren Tirapu, Parasite Kolektiboa, Ixiar Rozas eta Mursego, Kabia teatroa, Metrokoadroka, Dxusturi Teatroa, Muskulo... Ekainaren 1etik 4ra, antzerkia, dantza, bakarrizketak, teatro-errezitaldiak eta musika bateratuko ditu jaialdiak.