22 MAI 2017 Ez dute arrazoin Jon GARMENDIA Idazlea Pyrénées-Atlantiques barrutiko diputatua da Jean Lassalle, Frantziako legebiltzarrerako hauteskundeetan laugarren zenbakia duena, Ipar Euskal Herria eta Biarno biltzen dituena. Bere kargua amaitzear da, baina kandidatua da berriro eta hautatua izateko esperantzan dabil. Frantziako presidentetzarako ere aurkeztu da Lassalle, eta boto kopuruaren %1,2 eskuratu zuen lehen itzulian. Kanpaina horren karietara elkarrizketatu zuen VL irratiak “Les enfants de la politique” emankizunean, duela hilabete, apirilaren 20an hain zuzen, eta orain jakin da galdera honi, «zer ekarpen egin dezakete hizkuntza erregionalek», erantzun lotsagarria eman ziola; hau da, Euskal Herrian hautatu diputatua izanik hurbiletik ezagutzen zuela gaia eta, adibidez, ikastolen helburu lehena ez zela hizkuntza irakastea, baizik armen erabilera. En fin, erridikulua. Orain «boulette» bat izan dela aitortu du, «hanka-sartzea», edo tira, «albondiga» ere halaxe deitzen da, eta burmuinean fitsik ez duen haragi puska gisa Lassalle bera gelditu da. Barkamena eskatu du, nola ez, euskaldun komunitateari oro har. Batzuei ez zaie aski izan gure eskubideak zapaldu, hizkuntzaren hedatzeko tresnak babesik gabe utzi eta kolonizazio sistematiko bati bide ematearekin, trufa egiten digute, beren nagusitasunaren jakitun. Hizkuntza erregionala deitzen diote gureari, jakobinoentzat hexagonoaren hegoaldeko lur zati bat baino ez baikara, anitzen aisialdiari kolorea ekartzeko toki. Afera ez baita ia oharkabean pasa dela halako astakeria bat, ez den bezalaxe gauza gutti ditugula eskura halakoak salatzeko, sare sozialetako oihu bat edo beste kenduta, fitsik. Afera da, hau Frantzia dela diotenean, ea ez ote duten arrazoin.