GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Mugertza eta Atutxa bakarkako finalean dira

Gipuzkoarrak eta bizkaitarrak erraz irabazi zituzten euren saioak


Ugaitz Mugertzak eta Aitzol Atutxak lortu zuten Urrezko Aizkorako finalean sartzeko txartela. Donato Larretxeak eta Xabier Zalduak beste kanporaketa bat jokatu beharko dute, eta Iñaki Azurmendi eta Ruben Saralegi, berriz, Urrezko Aizkoratik kanpo geratu dira.

Jokatu diren bi finalerdietan honako lan hauek egin behar izan zituzten. Hasteko, erlojuz kontra 45 ontzakoa zeinek azkarrago moztu lehiatu ziren. Jarraian, zutikako 45 ontzakoa ebaki behar izan zuten. Hirugarrengoan, berriz, oinbikoa erdibitu behar izan zuten. Laugarrengoan, zutikako 45 ontzakoa eta etzaniko kana-erdikoa ebaki behar izan zituzten. Azkenik, bi kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu behar izan zituzten.

Aurreneko finalerdian Ugaitz Mugertza izan zen onena, eta jokatutako proba guztietan, gainera. Aurreneko lana minutu eta 4 segundoan burutu zuen, Azurmendiri bost segundo ateraz, eta sei Zalduari. Bigarrengoan, aldeak handitu egin zituen. Bere jarduna minutu eta 57 segundoan bukatu zuen, eta 29 segundo atera zizkion Zalduari, eta minutu eta 49 segundo Azurmendiri.

Hirugarrengoan, Mutrikukoak bere eginbeharra 4 minutu eta 23 segundoan amaitu zuen. 5.11ko denbora egin zuen Zalduak eta 5.21 Azurmendik. Lan honen ostean, Azurmendik saioa bertan behera utzi zuen. Ondoezik sentitu zen eta ez jarraitzea erabaki zuen.

Laugarren lanean minututik gora atera zion Mugertzak Zalduari. Berea 3 minutu eta 34 segundoan bukatu zuen, eta minutu eta 5 segundo atera zizkion Zumarragakoari. Iraupen proba 14 minutu eta 49 segundoan amaitu zuen Ugaitzek, eta 16 minutu eta 31 segundoan Xabierrek. Lan guztiak bukatzeko, 25 minutu eta 47 segundo behar izan zituen Ugaitz Mugertzak, eta 29 minutu eta 57 segundo Xabier Zalduak. 

Beste finalerdian, Aitzol Atutxak aise lortu zuen finala jokatzeko txartela, nahiz eta bizkaitarra ez zen ongi hasi, aurreneko lanean azken geratu baitzen. Hori Larretxeak irabazi zuen, berea 51 segundoan bukatuta. Bi segundoko aldea atera zion Saralegiri, eta hamarrekoa Atutxari.

Hortik aurrera, aldiz, egungo Euskal Herriko txapelduna jaun eta jabe izan zen. Bigarrengoa minutu eta 59 segundoan amaitu zuen; Larretxeari minutu erdiko zuloa ireki zion, eta Saralegiri 33 segundokoa.

Hirugarrengoan 3 minutu eta 56 segundo behar izan zituen Atutxak; 39 segundo atera zizkion Larretxeari, eta 44 Saralegiri. Laugarrengoa 3 minutu eta segundo batean amaitu zuen Bizkaikoak. Larretxea 38 segundora sailkatu zen, eta 45 segundora, berriz, Saralegi.

Iraupen proba 13 minutu eta 4 segundoan burutu zuen Atutxak, 14 minutuan Larretxeak, eta 15 minutu eta 24 segundoan Saralegik. Lan guztiak burutzeko, 23 minutu eta 11 segundo behar izan zituen Aitzol Atutxak, 26 minutu eta 34 segundo Donato Larretxeak, eta 27 minutu eta 14 segundo Ruben Saralegik.

 

Harri-jasotzea

Mikel Lopetegik eta Izeta II.ak lortu zuten Pastorkuaren Oroimenezko Torneoko finalean sartzea. Lopetegik menderatu zuen Izeta IV.a. Bakoitzak 125eko koadroa, 113ko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen. Harri bakoitzarekin aritzeko minutu eta erdi izan zuten. Lopetegik 20, 15 eta 17 jasoaldi lortu zituen, hurrenez hurren; denera 52 jasoaldi. Izetak, aldiz, 17, 15 eta 26, eta denera 48.

Izeta II.ak, berriz, Joseba Ostolatza garaitu zuen. Hauek ere aurrekoen lan bera egin behar izan zuten. Aiarrak 19, 15 eta 18 jasoaldi ematea lortu zuen. Denera, 52 jasoaldi izan ziren. Zestoarrak, berriz, 17, 13 eta 16 jasoaldi lortu zituen. Denera, 46 jasoaldi. Finala maisuaren eta ikaslearen artean jokatu beharko dute.