24 MAI 2017 Entrevue IKER IRRIBARRIA ASPEKO pilotaria «20 urte baino ez ditut eta oraindik hanka sartze handiak egingo ditut» Pilotaz harago, mendia du, Oinatz Bengoetxeak bezala, pasio gaur egungo txapeldunak eta Pirinioetako gailurretan bilatu zuen babesa Jokin Altunak Lau eta Erdiko txapelketatik kanpo utzi zuenean. Gainerako txapelketetan bikain aritu da eta Buruz Buruko eta Binakako txapelak jantzita, pilotaren gailurrean eman duen urte honetaz aritu zaigu Aramakoa beste final baten atarian. Dernière mise à jour : 24 MAI 2017 - 09:14h Jon ORMAZABAL Ailegatzea edo mantentzea, zer ote den zailagoa galdera ez du erantzuten jakin. Bera «beti bezala» ari omen da lanean eta kantxan bestela eman badezake ere, ez bata ez bestea ez zaizkio errazak egin goierritar aurrelariari. Hori bai, ez du ezkutatzen iazko Buruz Buruko txapela jantzi izanak bere bizia goitik behera aldatu duenik, batez ere kantxara salto egiten duenean: «Bizimodua aldatu egiten da, dudarik gabe. Behin ezaguna egiten zarenean gauzak asko aldatzen dira, baina saiatzen naiz lehen bezalakoa izaten, lehengo gauza berdinekin gozatzen eta nahiko nuke etorkizunean horrela jarraitu ahal izatea». Ospea bat-batean heldu zitzaion eta «ezaguna izate horrekin jendearenganako harremanak asko aldatu dira. Beti saiatzen zara ahalik eta umilena izaten eta hala izan behar duzu», aitortzen du bere konpromiso agenda ikaragarri handitu zaion pilotariak. «Beste munduko ezer ez dut izan, baina konpromisoak bete egin behar dira eta hori da txapeldun izatearen beste alde bat, sarri ikusten ez dena», gaineratu du. Halere, «gauza onek mila buelta ematen dizkiete». Guk, ordea, txapeldun izate horren B alde horretan sakondu nahi izan dugu, eta azkar agertu da urte osoan zehar gorriz jantzita joate horren zama: «Behin txapelduna zarela exijentziak asko aldatzen dira, bai jendearenak eta bai zuk zeure buruari jartzen dizkiozunak». Biek dute euren pisua, baina kanpoko horiek omen dira gobernatzen zailenak: «Bakoitzak bere burua era batera edo bestera presionatzen du, baina kontuan izan behar da, eta nik hala egiten dut, 20 urte baino ez ditudala, bi urte eskas direla debuta egin nuenetik eta oraindik hanka sartze handiak egin behar ditudala». Pilotazaleei, ordea, gehiago kostatzen omen zaie horretaz ohartzea. «Behin txapela irabazi eta gero txapelduna zara eta berdin da 19 urte izan edo 25 izan. Jendearen eta prentsaren exijentzia ona da, beharrezkoa, baina zuk saiatu behar izaten duzu gauzak lasaitasunez hartzen», azaldu du pilotariak. Eta finalaren atari honetan behintzat, ilusioa eta gogoa betikoak dituen arren, momentuz lortu du iazko zurrunbilotik irtetea: «Horretan asko ikasten da, ohitzen zara prentsarekin bete beharreko guztiak hobeto eramaten eta alde horretatik aurten askoz hobeto nabil». Sarrerak, autobusak, ospakizunak... horiek guztiak lagunen eta etxekoen kargu uzten asmatu du eta alde horretatik errazagoa omen zaio finalean zentratzea. Oso desberdina Izan ere, aurtengo txapelketa «ehuneko ehunean» izan omen da desberdina iazkotik, batez ere, prestatzeko ia denborarik ez duelako izan Binakako Txapelketako finalerako sailkatuta. «Baldintzatu egiten zaitu, nire dohainak buruz buru jokatzeko dira eta askoz gehiago kostatzen zait beste distantzia batean jokatzea buruz buru jokatzea baino. Hala ere, Binakako finala jokatuta ez zara nahi duzun prestakuntza guztiarekin heltzen, nahi dituzun sentsazioekin, baina lehen partidako proba gainditzen baduzu beste bi aste dituzu», esan du. Horixe da oraindik gainditzeke duen beste ikasgaietako bat, urte osoan jarraitutasuna izatea. «Hori oso zaila da, ez da beste kiroletan bezala, une puntual batean ondo prestatuta egon behar duzula. Pilotan urte osoan egon behar duzu ondo eta ez da erraza», aitortzen du, euren garai onenetan Juan Martinez de Irujok eta Aimar Olaizolak egiten zutena balioan ipiniz: «Lehen ere pentsatzen nuen egiten zutenak ikaragarrizko meritua zuela, baina zuri tokatzen zaizunean ohartzen zara zein zaila den maila hori mantentzea». Bi aurrelari nafarrak izan dira XXI. mendean Buruz Buruko txapela bi urtez jarraian irabaztea lortu duten bakarrak eta orain berak du gauza bera egiteko aukera. Beti egoten da lehen txapel hori kasualitate bat izan ez zela erakusteko gogoa, baina aramarrari ez dio loa kentzen kontu horrek. Ezta ere kolpea baino ez duela esaten duten komentario horiek: «Aurrenekoetan graziarik ez dute egiten, min egiteko adina ez dakit diren, baina azkenean saiatzen naiz prentsa aldetik eta komentarioetatik ihes egiten. Nire jokoa egiten saiatzen naiz, Aspeko teknikariek eta nire familiakoek esaten dutenari kasu eginaz». «Bakoitzari bere pegatina jartzen zaio eta niri jarri zait betidanik kolpea daukadala. Eta nik uste nire dohainik handiena horixe dela eta kolpe hori badaukagu, zergatik ez aprobetxatu? Agian udan eta aurrean gehiago saiatzen gara, ikasteko eta jendeari gozarazteko, baina behin txapelketa batean sartua zaudela, garrantzitsuena irabaztea da. Orain ematen du kolpeagatik irabaztea txarra dela, eta hori pilotaren parte bat da. Oinatzek edo Altuna edo Berasaluze batek bere garaian ez zuen irabazten atzera jotzen, aurrean jokatuta irabazten zuten, baina zein da pilotan hobea? Gutxietsia bezala dago kolpea», argitu du. Estilo arteko talka Alde horretatik, igandekoa Bilbon estilo arteko talka bat izango da, oso pilotari desberdinak dira-eta Oinatz Bengoetxea eta Iker Irribarria. Leitzakoak esana du Miribillako pilotalekua eta Iker Irribarria beretzat konbinaziorik txarrenak izan daitezkeela: «Agian arrazoi du esaterakoan frontoia niretzat beretzat baino hobea dela. Ez da frontoi azkar horietakoa, pilotak irrist egiten duenetakoa, baina bera Irribarriak arduratu behar du eta ni Bengoetxeak. Azkenean frontoi horretan jokatu beharko da, dauden pilotekin jokatu beharko da eta pilotari emango diona eta frontoian mugituko dena Oinatz izango da». Piloten gaia aterata, aurtengo berritasunetako bat da igandeko materialaren lehen aukeraketa aspaldian egin zutela enpresetako intendenteek, partida nork jokatu behar zuen jakin aurretik. Honek ez du ezer aldatzen egungo txapeldunaren iritziz. «Azkenean nik uste dut bizi guztian sistema bat izan dela eta orain aldatu nahi izan dute, garrantzi gehiago eman zaio berez daukana baino. Nik polemika egotea nahi badut, lehengo erara edo oraingora, berdin-berdin sortuko dut», aipatu du. Bere jotzeko gaitasuna dela-eta, ia profesionaletara jauzia eman zuenetik izan da materialarena errepikatu den gai bat eta sarri polemika artifizialak sortu izan diren susmoa du. «Askotan esaten da finala material aukeraketatik hasten dela, final baten atarian zaudenean erabat kontzentratua egon nahi duzu eta horretan saiatzen zara. Gero elekzioa iritsi eta, zure lana egin ordez, pilotak gora eta pilotak behera, denetik entzuten duzu eta ez da gustukoa», esan du. Eta horrek guztiak izaten al du eraginik beragan? «Mugitu ez nau egiten. Badakizu askotan nahita egiten dutela zu mugitzeko eta buelta handirik ez diozu ematen. Saiatzen zarena da zure tendentzi horretan jarraitzen, zure erritmoan eta hortik ihes egiten», erantzun du. Finalaren nondik norakoetara itzuliz, Oinatz Bengoetxea sekulako sasoian dagoela ondo daki eta partidaren giltza norberak bere estiloa inposatzean egongo dela uste du. «Azkenean bere jokoa niretzat dagoen txarrena da eta nire jokoa beretzat dagoen txarrena. Badakit bera aurrean artista bat dela eta aurreko koadroetan tontakeriatan hasiz gero, ez dudala ezertarako aukerarik izango eta saiatu beharko dut nire jokoa egiten». Sakeak ere berebiziko garrantzia izango du eta Rezustaren aurka pilotazale guztiak aho zabalik utzi zituen Irribarriak Astelenan, oina ezkerparetan jarrita eraman zituen pilotekin. «Asko galdetu didaten zerbait da eta zuri ere esango dizut, nik uste potratik gehiago duela entrenatzeagatik baino». Igandean gertatzen dena gertatuta, pilota profesionalak ez du etenik eta udako torneoak berehala hasiko dira, iaz arantzatxoa utzi zion pilota garaia. «Garrantzitsuena txapelketak dira eta txapelketetan eman behar dugu %100a eta gero udan ezinezkoa da. Gogoagatik baino, gorputzak bere mugak bilatzen dituelako. Iazkoa niretzat erabat berria zen, batere ohitu gabeak ginen eta nik uste pixka bat roskatik pasatuta ibili ginela. Baina tira, egia esan, oso uda gogorra baina ona izan zen niretzat, asko ikasteko balio izan zuen-eta. Aurten nahiko nuke torneoren bat irabazi, edo behintzat, final dezente jokatu». Kendu ezingo duen arantzatxoa aspalditik bere idoloa izan den Juan Martinez de Irujoren aurka buruz buru jokatzearena izango da, Iberokoak erretiroa hartu behar izan baitu bihotzeko eritasun batek behartuta. Binaka ere, sekula ezin izan zion irabazi eta nafarraren Manomanistako bost txapelak erronka polita izan daitezke beretzat. Agian Oinatzek arrazoi du Bilboko frontoia niretzat hobea dela esaten duenean, baina bera Irribarriak arduratu behar du eta ni OinatzekBadakizu materialaren inguruko polemika askotan nahita egiten dutela zu mugitzeko eta buelta handirik ez diozu ematen Bakoitzari bere pegatina jartzen zaio eta niri betidanik jarri zait kolpe handiarena. Eta kolpe hori badugu, zergatik ez aprobetxatu?