26 MAI 2017 Nafarroako euskarazko literaturaren argazkia liburu batean Hogeita hemeretzi idazle nafarren lanak bildu ditu Pamiela argitaletxeak Fertxu Izquierdok koordinatu duen lan bakarrean. Lurraldean sorkuntzan dabilen euskarazko letren argazki zabal eta askotarikoa erakusten du aleak, guztiak narrazioak, denetariko estilo eta generoetara hurbiltzen diren luma desberdinen ekarpenarekin. Ariane KAMIO IRUÑEA “24 relatos navarros” lanaren ondorenean dator orain “39 idazle nafar” liburua. Hasierako hartan 26 narrazio ziren orotara, 24 gaztelaniaz, eta bi euskaraz. Baina Pamiela argitaletxeak, euskarazkoari leku bereizia emateko beharraz jabetuta, bigarren egitasmo bat jarri zuen martxan. Emaitza atzo aurkeztu zen Iruñeko Karrikirin. 39 dira orotara lan berria letrez ilustratu duten idazleak. Ibilbide luzexkoa dutenak batzuk, hain ezagunak ez diren besteekin batera. Zaharrak, berriak, gaur egun Nafarroan egiten ari den euskarazko literaturaren argazki berean. «Irailean hasi ginen koordinazio lanekin. Ikasturte osoko kontua izan da. Lehenengo zerrendak osatzen, kontaktuak bilatzen, gonbitak bidaltzen hasi ginen proposamenarekin eta jakin gabe oso ondo nolakoa izango zen erantzuna, berehala ohartu ginen gehienak oso baikorrak izaten ari zirela. Parte hartzeko prest, eta gogotsu», aipatu zuen Fertxu Izquierdo idazle eta koordinatzaileak. Berrogei idazleri baino gehiagori luzatu zieten bertan parte hartzeko gonbidapena, eta bistan da gehienek eman zutela baiezkoa. «Batzuek ezin izan dute parte hartu arrazoi desberdinengatik, baina beste askok eta askok baiezkoa eman zuten eta oso gogotsu hartu dute parte». Azkenean, zabal eta askotariko egiten da 39 narrazio biltzen dituen ale berria. «Uste dut oso lan interesgarria dela, garrantzitsua izaten ahal dela islatzen duelako Nafarroan egiten ari den literatura. Ematen digu Nafarroan euskaraz egiten ari den literaturaren oso ikuspegi zabala eta anitza». Baina ez soilik gaur egungoarena, etorkizunekoaren zantzuak ere ikus baitaitezke orrialdetik orrialdera. «Ahots berriak ere badaude idazle ezagunekin batera». Hain zuzen, zerrenda hori osatzeak ikuspegia ere are gehiago zabaltzea ekarri dio Izquierdori. «Lehenengo zerrendak egin genituenean ezagutzen genituen izenak askoz gutxiago ziren, eta gero idazle batekin eta bestearekin hitz eginda eremua asko zabaldu da». Hori izan zen, hala, ezarritako irizpideetako bat. Idazle bati gonbita luzatzea eta horrek beste batekin gauza bera errepikatzea. Horrela 39raino. Beste irizpideen artean, luzera muga bat izatea –«ez genuen liburukote bat egin nahi»–, guztiak narrazioak izatea –ez poesia, ez saiakera, ez antzerkia– eta testuan Nafarroarekiko erreferentziak txertatzea. Denetarik Irizpide horiek guztiak kontuan izanda bidali zituzten idazleek beren lanak. Sortzaileen artean dira, besteak beste, Itxaro Borda –Nafarroa Garaiko eta Behereko idazleek parte hartu dute–, Ana Jaka, Patxi Larrion, Antton Luku, Marikita Tambourin edo Angel Erro. Denak beren estilo eta idazkeran. Emaitza are askotarikoago da. Narrazio klasikoagoak, esperimentalagoak... Eta genero aldetik, denetarik. «Baditugu narrazio politikoak, gaur egungoak, sozialak, narrazio erotikoren bat, fantastikoa ere badago, historikoak». Izquierdoren aburuz, lan honek ezagunak diren idazleen narrazioez gozatzeko aukera emango du, baina ate berriak ere zabalduko ditu, sortzaile berrietara.