04 JUIN 2017 Entrevue KEPA ALTONAGA IDAZLEA ETA IRAKASLEA «Argentinara joandako euskaldunek oso proiektu politiko serioa zeukaten» «Patagoniara Hazparnen barrena» saiakera liburua argitaratu berri du Kepa Altonaga idazle eta irakasleak, Pamielaren eskutik. Bertan XIX. mende bukaeran Argentinara emigratutako euskaldunen berri kontatzen digu. Horretarako, «La Vasconia» aldizkaria iturri garrantzitsua izan da idazlearentzat. Dernière mise à jour : 04 JUIN 2017 - 10:12h Patxi GAZTELUMENDI BILBO Pierre Loti eta Pio Barojaren Bidasoko Errepublika aipatuz abiatzen duzu lan hau. Niretzat oso interesgarria da Euskal Herriaren XIX. mendeko bigarren erdia eta bereziki Ipar Euskal Herrian bizitakoa. Izan ere, herenegun arte Iparraldea erabat euskalduna izan da. Goikoak eta behekoak, denak euskaraz aritzen ziren. Mundu hori ahaztuta daukagu, eta pertsonaia batzuk ezin interesgarriagoak dira. Atzeraka begiratze horretan mundu horri Lotilandia deitu nion, kartoizko Euskal Herri bat irudikatzen baitu Pierre Lotik. Euskal Herriko giro hori adierazteko, Patagoniara, Argentinara, jotzen duzu, ordea. Euskaldunak atzerrira joan izan direnean beti aipatzen da miseria edo ekonomia arazoengatik izan dela; baina ez da askotan aipatzen jende asko joaten zela bere herrian itota sentitzen zelako. Eta baziren beste zerbaiten bila joaten zirenak ere, nahiz eta ez dakidan portzentualki zenbat ziren. Argentinan adibidez, batzuek ordurako bazuten Euskal Herriaren erreplika bat egiteko asmo bat. Hori landu dut liburu honetan. «La Vasconia» aldizkariak zer eskaini dizu? “La Vasconia”-k batez ere erakutsi didana da, garai hartan Argentina inguruan bazegoela elite moduko bat, adibidez Estatu Batuetan ez dagoena. Hego hemisferioan batzen da bestelako jende bat, ez dena hara goseagatik joan. Metodo pixka batekin aztertu nuen aldizkaria, eta sekulako altxorra dagoela konturatu nintzen. Sasoi batean La Platan eta Montevideon gertatzen den guztiaren berri jakiteko “La Vasconia” aldizkarira jo beharra dago. Digitalizatuta zegoenez, gauero irakurtzeari ekin nion, eta urte batzuetan bederen Florentzio Basalduaren ibileren berri bazela konturatu nintzen. Gauza bategatik edo besteagatik askotan agertzen zitzaidanez, nire liburuan ere garrantzia berezia hartu du Basalduak. 2007ko apirilaren 3an Joseba Sarrionandiak igorritako eskutitza aipatzen duzu liburuan. Banekien Joseba Sarrionandia holako gauza eta pertsonaia batzuekin bazebilela, eta “Moroak gara behelaino artean” liburuan zerbait atera zuen, baina Basaldua bezalako pertsonaia bat nola murriztu aipu eta oin-ohar bakar batera? Etxepare Aldudeko medikuaren liburuarekin ari nintzenean, lagun baten bitartez eskutitz bidez bidali zidan Sarrionandiak berak artikulu bat. Aurretik ez nuen inoren lana zapaldu nahi, eta urte batzuk beranduago argitaratu ditut Basalduaren eta beste batzuen kontu hauek. Euskal Berri proiektu edo ametsaren berri izateak zer suposatu zuen? Sekulako sorpresa izan zen. Florentzio Basalduak 1897. urtean Julio A. Roca presidenteari proposatu zion Euskal Berri izeneko euskaldunen koloniaren mapa bat. Argentinara joandako euskaldunek proiektu politiko handia zeukaten. Ordurako galestarrek Argentinako Chubut probintzian zeukaten koloniaren berri izan nuenean hari berri bat sortu zitzaidan jarraitzeko. Horrelako liburutxo batean ezin da dena kontatu, baina oso interesgarria iruditzen zitzaidan. Eta gaur egun galestarraren dialekto bat han dago, Argentinan. Paradoxa bat ere deskubritu nuen tarte horretan: Joana Canut anderea gaztelania irakaslea zen galestarrei egin zitzaien inposaketan, eta norekin ezkonduko eta Euskal Berri proiektuaren sustatzailea izandako Florentzio Basalduarekin. Liburu hau idazteko motibazioa zein izan da? Migrazioan joandako euskaldunak edo beraietako batzuen proiektu politikoa, beharbada? Euskaldunak dira nire interesgunea. Bizimodua atera behar zuten batzuek, beste batzuek maila handiago erakusten dute. Eta Argentinan batutako euskaldunen berri ematen saiatzen naiz. Florentzio Basaldua Hazparnen ikasi eta oso gazterik Ameriketara doana, Janpierre Arbelbide garaztarra, Daniel Lizarralde medikua, Juana Canut irakasle lapurtarra, Otaño eta Mendiaga bertsolariak edota Agnes Souret ezpeletarra, Miss Frantzia izandakoa. ITOTA «Euskaldunak atzerrira joan izan direnean beti aipatu izan da miseria edo ekonomia arazoengatik izan dela; baina ez da askotan aipatzen jende asko joaten zela bere herrian itota sentitzen zelako»