GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Irekia


Estatu Batuen irudia okertzen doa urtetik urtera. Sortutako gerlen ondotik beste harrokeria baten lekuko uzten gaitu Trumpek klima aldaketan indarrik ez duela eginen erranez. Macronek ez zuen uste baina Pariseko akordioa ez du berresten Trumpek. Erreakzio gogorrak heldu dira ondoren, agian kontzientzia berpizte bat agertuko da erraldoien ekintzen oztopatzeko. Haatik, ez da erraza asmatzea nola jokatu behar den botereak hain kontzentratuak direlarik. Errepika genezake etengabe aldaketa gure esku dagoela, baina errealitateak harrapatzen gaitu eta aldaketa non den bilatzen jarraitzen dugu. Hurbileko ekoizpena kontsumitu dezakegu, tokiko instituzioetan sinets dezakegu, baina hain gune definitu batzuetan, aberats batzuen artean, liberalismoa inposatzen dutenen artean, hartzen dira erabakiak. Eta azken urteetan erabaki gogorrak hartu dituzte ahulenen kontra. Orduan, jaki pixka bat banatzen dute medioen bitartez ministro edo arduradun politikoen jokabideak salatzeko, Macronen lagunak ere auzipetuko dituzte. Muntaketa estrukturala politikari handien babesteko egina da; lege berriak behar baldin badira, bozkatuko dituzte. Baina arazo nagusia horren gibelean gordea da; lan erreforma, alegia. Hori baita langileen kontra bozkatuko duten lege zapaltzailea. Adostasun zabala izanen da eta horren kontrako borroka latza. Izan ere, larrialdi egoerak traba asko jartzen dizkie protestei; ondorioz zein izanen da langileen erantzuna. Preso eramanen dituzte erreforma salatuko duten langileak? Sindikatuak debekatuko dituzte «onargarri» ez diren ekintzak egiten badira? Zer askatasun, zer aterabide izanen ote da erreforma gelditzeko? Ala medioak erabiliko ote dituzte matrakatze ideologikoa egiteko edozein erreakzio ekiditeko eta erreforma edozein sindikaturekin izenpetzeko?

Macronek gehiengoa lortzen badu ekaineko hauteskundeetan, Parisetik etorriko den politika aberats handien politika izanen da. Horretan Euskal Herriak ez du tokirik, gure herriak behar handiak ditu bizirauteko, asimilazioa ekiditeko, Pariseko atzaparretatik ihes egiteko. Debatea irekia da.