GARA Euskal Herriko egunkaria
ZIRIKAZAN

Unibertsitatetik mundura


Nola dagoen unibertsitatea! EHUren Leioako campusean mugimendu feminista zutik dago Arte Ederretako ikasle batek bere emakumezko ikaskideei, auskalo zenbati, egindako jazarpenengatik… hiru urtez! Jakina, indarkeriarik eta sexismorik gabeko unibertsitate-eremua aldarrikatzen ari dira, non, halakorik egonez gero, protokoloek eta arduradunek behar bezala funtzionatuko duten, alegia, azkar eta eraginkortasunez… ohiko komatxo-egoera («ustezko», «jazarpen»…) gehiegi luzatzen utzi gabe. Horretan dabiltza Leioako campusean, eta ezin diot laga pentsatzeari zein etsigarria den hainbeste gazte dabilen ikaskuntza-esparruan jazarle baten zigorgabetasunak horrenbeste iraun izana, hori horrela izateko atzean ezkutatzen den guztia… oraindik ere.

Bestetik, Europako erdigunean, Belgikan, unibertsitate batek eskatu die medikuntza ikasketak burutu berri dituzten emakumezko ikasleei, graduazio-ekitaldirako, bular-artea erakuts dezatela, haragi pixka bat, soineko edo gona jantzita, estetikaren balioa eranstearren, ospakizuna erakargarriagoa egitearren. Erraz irudika dezaket medikugaien aurpegia: begiak zabal-zabalik, «iradokizuna» (komatxo ironikoak, ez zalantzan jartzekoak) sanskritoz egongo balitz bezala, gogoa nazkatik amorrurako eta amorrutik nazkarako joan-etorri bizkorrean. Zein penagarria, ohartzea segundo batean baietz, izango zarela sendagilea, eta ziurrenik salbatuko dituzula pertsonak, baina sekula ez diozula utziko emakume izateari, eta XXI. mendeko Europaren bihotzean ere lehenago ikusiko zaituztela titidun objektu sexual gisa, (zure gizonezko lankideak bezainbeste) prestaturiko profesional gisa baino. Gero etorri dira, jendearen gaitzespenaren ondorioz, noski, barkamen-eskeak eta komunikatu hotsandikoak, baina zer konpontzen du horrek, barren-barreneko haragikoikeria osasuntsu dabilela eta emakumeak loreontzitzat jotzeko joerari betiko uzteko gizonezkoen ezintasuna argi eta garbi erakutsi ondoren.

Mundu osoan, milioika gazte lan-mundura jauzi egitear daude, nor bere esparrura eta nor bere herrialdean, lehendabiziko aldiak beti dakartzan kezka, urduritasun, irrika eta itxaropenez beteak. Etorkizuneko emakumezko profesionalek horixe besterik ez lukete izan beharko buruan, non eta nola garatu hobetoen beren jardun profesionala, eta ez gazterik gertu-gertu sumaturiko sexu-jazarpenari nola egingo dioten aurre, jasan noizbait jasan beharko dutelako ziurtasun osoz.