08 JUIN 2017 Jasone Osorok gazteentzako literatur sail bati hasiera eman dio Elkarren GARA DONOSTIA “Eskularru beltzak” da izen bereko sailari hasiera eman dion liburua. Hamabost urteko lagun taldea du protagonista; horien arteko harremanak, abenturak, maitasuna... dira kontakizunari haria emango dioten gaiak. «Baita hain agerikoak ez diren beste batzuk ere: barne-segurtasunik eza, gazteen ahuleziak eta kemenak, bullyinga, harrera etxeak...», argitu du Elkar argitaletxeak. Udaleku batera bidali dute Beire gurasoek ingelesa ikastera. Ikastetxean gelako liderra den arren, udalekuan ez du inork aintzat hartzen, eta Baba izeneko mutil misteriotsu batengan aurkituko du babesa, boxeoa ikasteaz gainera. Etxera itzulita, bere betiko lagun Kar eta Leterekin, hirurek osatzen duten Sua taldea prest dago, berriz ere, institutuko izarrak izan eta egurra emateko, baina badirudi aurtengo ikasturtean gauzak bestelakoak izango direla. Hasiera batean lau aleko saila izango da. Aurten bi kaleratuko dira eta hurrengo urtean beste biak. Liburuko ilustrazioak Joseba Larretxe Joseviskyk egin ditu.