GARA Euskal Herriko egunkaria

Edertasun kanon ofizialen aurkako keinua eginez abiatuko da Eztena jaialdia


Edertasun kanon ofizialak ezbaian jarriz ekingo dio aurten Eztena jaialdiak edizio berriari. «Emakume Bizardunek Errenteria-Orereta okupatuko dute», eman dute abisua, eta euren «bizarrak antzokietan, tabernetan, mota guztietako erakusleihoetan agertzeko eta aldarrikatzeko prest» daudela ziurtatu dute.

Horietara guztietara zabalduko da Eztena bihar hasi eta igandera bitartean eta, osatu duten arte eszenikoen programan, denentzat izango da lekurik, eskarmentua dutenentzat zein hasiberrientzat.

Bihar kultur elkartea bilakatuko da Eztena jaialdiaren erdigune. Arratsaldeko zazpietan hasita, bost antzerki talderen lana ikusteko aukera izango da. Pieza bana aurkeztuko dute: Kabia Teatrok “Hiroshimako zuhaitza”, Zanzarak “Inor ez dator”, Nisunek “Oraingoan bai!”, Txiflandok “Finisterre” eta Luis Alberto Rodriguez mexikarrak eta Jour de Fête baionarrek “Bidea” oholtzaratuko dute.

Etzi, Mikelazuloko aterpea utzi eta kalera irtengo da Eztena. Herriko plazan Tornado taldearen “Lapur minak” ikusi ahalko da (19.30) eta Arenaleko karpan Têtes de Mules-ek “L’Entresort” eskainiko du (22.30).

Larunbatean Metrokoadrokak “Marionnettes performancea” egingo du Xenpelar-en, saio bikoitzean (12.00/13.00), eta arratsaldean Niessenen Antzerki Labearen “Mostra” eta Zoruken “Igogailua” ikusi ahalko da.

Eguna, ostiralean bezala, Têtes de Mulesek itxiko du. Igandea L’Alakran konpainiaren eta Oscar Gomez Mataren eguna izango da: 16.30etik aurrera herrian zehar ibiliko dira eta 22.30ean “La conquista de lo inutil” oholtzaratuko dute, Niessenen.