14 JUIN 2017 IKUSMIRA Gure «tory»-ak Iker Bizkarguenaga Kazetaria Hasierako lerroburuetatik harago, Britainia Handiko hauteskundeek zenbait auzi interesgarri utzi dituzte. Adibidez, Theresa Mayk DUP alderdiarekin akordio egonkorra hitzartzen badu, ikusi beharko da nola kudeatzen duen Irlandako barne-mugaren kontua. Izan ere, Arlene Fosterrek gidatzen duen taldea unionista da, muturrekoa gainera, baina ez du Newry parean hesirik edo kontrolik berrezarri nahi. Alderdi Kontserbadoreak dio ez dela horrelakorik gertatuko, baina Europar Batasunak horretan badauka zer esana, eta gai hori Brexitari buruzko negoziaketan britainiarren ahulgune bat izan daiteke. Ikusteke dago ere Ruth Davidsonen karrera politikoaren bilakaera. Eskozian emaitza oso onak eskuratuta, bera izan zen hauteskunde gauean irribarre egiteko arrazoiak zituen tory bakanetakoa. Brexitak May eta enparauak erreko balitu, alderdiko lider gisa kokatu du batek baino gehiagok. Irlandako emakume katoliko batekin ezkontzear dagoen Davidsonek ez du batere iritzi onik DUP alderdi homofobo porrokatuari buruz, baina ez du zalapartarik sortuko. Bestetik, adinak eta bizilekuak botoan duten eragina berriro ere agerian geratu da. Lehen aldagaiari buruz eskoziarrek badakite zeozer, 65 urtetik gorakoen bozek itxi baitzien independentziaren atea. Eta hiri eta landaren arteko banaketak gero eta garrantzi handiagoa dauka. Brexitaren gaineko erreferendumean izan zuen eta E8-ko mapa adierazgarria da: hiri nagusiak gorri eta tarteko eremuak urdin. Leku guztietan antzeko zerbait gertatzen ari da. Edo ia guztietan. Euskal Herriko hirigune garrantzitsuenean gure tory-ek nagusi izaten jarraitzen baitute. As usual.